Euskal Herriko rock & rollak badu egun izen nabarmen bat: Eskean Kristö. Arratiako taldea aurrera doa 2011n piztu zuen euskal rockaren iraultzarekin eta estudioko hirugarren lana aurkeztu berri du: Beste belaze batzuen gozoan (Trumonots, 2018). Ohituak gaitu Eskean Kristök diskoetako izenburu burrunbatsuetara: Azote kaldüz (2014) eta Ezkurrik onenak (2016). Baina hiru diskoen artean “rinbonbanteena” azkena dela dio Pello Artabe taldeko abeslariak. Belaze hitza aukeratu dute arratiarrek, baina lokatza ere izan zitekeela dio Artabek: “disko honetan beste era batera egin ditugu gauzak, bai musikari dagokionez, bai sortze prozesuari dagokionez, baita taldearen kudeaketari dagokionez ere. Bidearen zati handi bat eginda dago baina oraindik ere borrokan gaude”.
Gauza berriak probatzera jarrita, hainbat bide berri zapaldu eta deskubritu ditu Eskean Kristök bere azken lanarekin. Musikalki probatu du lehen belazea: “Aurrekoetan bezala, bizkarrezurra izaten jarrai-tzen du rock & rollak, klasikoa eta garbia, baina horretara mugatu ez eta doinuen koloreen abanikoa aberastu dugu disko honetan”, azaldu du arantzazuarrak. Hain zuzen ere, psikodelia, power-pop, punk, blues, bossanova eta latindar doinuak konbinatu dituzte Eskean Kristören rock & rollaren koktelera partikularrean. “Entsegu lokalean susmoa genuen sortzen ari ginen abestietan doinu eta estilo ezberdinak uztartzen ari ginela eta diskoa eskutan, nabaria da estilo hauen presentzia”, azaldu du Artabek.
Nabariena, beharbada, diskoko bederatzigarren kantan: Gogó izena du abestiak eta Brasilgo bossanova estiloaz bustia dator, sambatik ez oso urrun. Kanturik ezberdinena, eta luxuzko kolaboratzaile batekin: “abestia egin bezain pronto, Doctor Deseoko Francis Diezengan pentsatu genuen. Berarentzat neurrira eginiko abestia dela uste dugu”, dio Artabek. Regatoiaren erritmoa doinu rockeroekin kamuflatu dute Zer dabixu? abestian eta taldearen alderik punkiena erakutsi dute Hankartea zerora kantan.
Arratieraz eta euskara batuaz abestutako hamar kantetan era guztietako letrak aurki ditzakegu, “bihotzetik eta hankartetik” irtendako istorio gordinak, eta baita afera unibertsalagoei lotuta daudenak. Refugee abestia migratzaile eta errefuxiatuei eskaini diete: “Diskoko abestirik serioena da, edo serioa den bakarra. Errefuxiatuak diren lagunak ditugu eta arazo unibertsal bati dei egiten badiogu ere, gertutasunak eragindakobarneko salaketa da”, azaldu du Artabek. Arriguri elkartearekin grabatu dute kantaren bideoklipa.
autoekoizpena Zalantzak izan zituzten, asko, baina azkenean auto-ekoizpenaren bidez argitaratu dute diskoa: “Ez ginen erabat eroso sentitzen diskoetxeek ematen zizkiguten aukerekin eta autoedizioa aukeratu genuen”, azaldu du abeslariak. Eta ez edonolako autoekoizpena: “360 graduko autoekoizpena da gurea. Zerotik ehunera pasatu gara. Ez genekien ezer honi buruz, eta jende askorekin berba egin eta borrokatu eta gero, honaino heltzea lortu dugu”.
Managementa ere taldeak berak kudeatuko du hemendik aurrera: “Besteei begira egon beharrean, nahiago izan dugu guk egin. Eskerrak gure inguruko jendea laguntzeko prest azaldu den. Familia polita osatu dugu guztion artean”. Trumonots Records izena du familia horrek, Eskean Kristök sortu duen zigilu berria. “Esperien-tzia zoragarria izan da. Bi zentzutan: zoratzekoa eta gozatzekoa”, aitortu du Artabek, barre artean.
Diskoko hamar abestien sortze prozesurako, bestalde, propio kontratatu dute, lehen aldiz, produktore bat: Cesar Ibarretxe soinu teknikari beteranoa. “Ez genuen produktorearen figura ezagutzen, orain arte graba-tzen genuen estudioko teknikariak ematen zizkigun diskorako aholkuak. Bagenekin Berri Txarrak-ek edo Ken Zazpik atzerriko produktoreekin egiten zutela lan; guk atzerrikoekin ez, baina euskal beterano bat aukeratu dugu, eta oso pozik gaude emaitzarekin”, dio Artabek.
Berrizko Lorentzo Recordsen eta Mungiako Gauan grabatu dituzte abestiak; ahotsak, ostera, Doctor Deseoren entsegu estudioan: “Mila buelta eman dizkiogu zenbait abestiri, eta tentsio uneak ere izan dira. Baina beharrezkoa da hori: ezin duzu abesti bat bukatutzat eman ez bazaitu %100ean konbentzitzen. Nola defendituko duzu bestela zuzenekoetan?”, galdetu du abeslariak.
Zuzenean, espektakulua Zalan-tzarik gabe, zuzeneko taldea da Eskean Kristö: “Beharrezkoa da diskoak grabatzea, baina abestiak sortzerakoan zuzenekoetan pentsa-tzen ari gara beti”, dio Artabek. “Ezagutzen gaituenak badaki nolako parrandistak garen, eta kontzertuetan ere, juergarekin jarraitzea gustatzen zaigu”. Orain arte emandako kontzertuetan “harrera itzela” izan dutela azaldu du abeslariak, “jende asko hurbildu da eta abesti berriak abesten dituzte”. Zuzenekoetarako abesti berri eta zaharrekin “erdi eta erdi” egiten ari direla kontatu du abeslariak. “Espektakuluaz” goza-tzeko hurrengo aukerak hauek izango dira: abenduaren 27an, Donostiako Dabadaban; hilaren 29an, Mutrikuko Abendurock jaialdian; urtarrilaren 11n, Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxean; urtarrilaren 19an, Biarritzeko Lurrama festibalean; eta, azkenik, urtarrilaren 26an Munitibarko San Bizente jaien barruan.