BILBO. Anders Fjeldsted Sextet izan da aurtengo Getxoko Jazzaldian irabazle. Danimarkako taldea, 42.edizio honetan irabazle suertatu da, eta bigarren postuari dagokionez, Pepe Zaragoza Quintet talde espainiarrarentzat izan da eta, banda horren saxo-jotzaileak, Joan Saldañak, bakarlari onenari emandako saria eskuratu du.

Aurten, gainera, zaleek bat egin dute epai-mahiarekin eta Publikoaren saria seikote danimarkarrari eman diote. Bakarlaririk onenaren saria, ordea, Iñigo Ruiz de Gordejuelari eman dio publikoak, Alexey León Quintet taldeko piano-jotzaileari, hain zuzen ere.

Anders Fjeldsted kontrabaxu-jotzailea bere belaunaldiko musikari preziatuenetako bat da Danimarkan. Bere herrialdeko nahiz nazioarteko hainbat artistarekin batera aritu da: Carsten Dahl, Jesper Thilo, Rodney Green, George Garzone eta Alvin Queen. Haren seikotearen musika batik bat originala da, Charles Mingusen edo Thelonious Monken inspirazioarekin, betiere soinu adierazkor eta organiko baten aldeko apustua eginez. Seikotean, Oilly Wallace (saxo altua), Rolf Sorensen (tronpeta), Soren Host (saxo tenorra), Artur Tuznik (pianoa) eta Henrik Holstekin (bateria) batera jarduten da.

Bigarren sariaren talde irabazlearen liderra, Alacanteko Pepe Zaragoza tronpeta-jotzaile eta musikagilea, Valentziako egungo jazz musikari gazteenen artean izenik esanguratsuenetako bat bilakatu da. Bere boskotearen aurrean lehenengo diskoa atera zuen orain dela gutxi, La plaça dels somnis, eta kritika bikainak jaso ditu, baita bi sari ospetsu ere: Ciudad de Talavera III Nazioarteko Jaialdia, 2015ean, eta Castellóko Universitat Jaume Iaren VII Jazz Jaialdia, 2016an. Taldekideak honako hauek ditu: Joan Saldaña (saxoa), Antoni Saigi (pianoa), Javier Pérez (kontrabaxua) eta Roger Gutiérrez (bateria).

Sariak

Talde Lehiaketaren irabazleek 4.300 euro jasoko dituzte eta CD bat grabatuko dute zuzenean. Gainera, talde irabazlea gaur, uztailak 8, jardungo da berriz Algortako Biotz Alai Abesbatza plazan, 21:00etan, Michel Camilo eta Tomatitoren aurretik. Halaber, garaileek Lovainako (Belgika) B-Jazz eta Eivissako Jazzaldietan ere parte hartuko dute, Getxo Jazzaldiak horiekin duen lankidetza-hitzarmena dela medio. Bigarren sariari 1.800 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 900 euro eskuratuko ditu.

2018ko TALDE LEHIAKETA

Epaimahaiaren Saria

1. Saria: ANDERS FJELDSTED SEXTET

2. Saria: PEPE ZARAGOZA QUINTET

Bakarlaririk onena: JOAN SALDAÑA (Pepe Zaragoza Quintet; saxoa)

"Cifu" Publikoaren Saria

Talde irabazlea: ANDERS FJELDSTED SEXTET

Bakarlaririk onena: Iñigo RUIZ DE GORDEJUELA (Alexey León Quartet; pianoa)