BILBO. 11 euskal antzezle, horietako batzuk dagoeneko eszenako erreferente direnak, eta beste batzuk talentu bikaina duten gazteak, lanean ari dira abuztuaren erdialdetik, Bieitoren aginduetara, ikuskizunaren euskarazko bertsioa, estreinatuko den lehenengoa, sortzen eta prestatzen. Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Iñake Irastorza, Lander Otaola, Gurutze Beitia, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Ainhoa Etxebarria, Koldo Olabarri eta Karmele Larrinaga dira. Bieitok aukeratu zituen guztiak Arriaga Antzokiak deitutako entzunaldi publikoetan. Entzunaldi horietara 200 antzele baino gehiago aurkeztu ziren.
Obabakoak lana zuzenduz, Bieitok, literaturak eman duen lan bikaina, nazioartean arrakasta gehien lortu duen eta hizkuntza askotara itzuli den euskarazko liburua, eszenara eramateko erronka hartu du bere gain. Calixto Bieitok berak hau azaltzen du: “moldaketa libre honetan, pertsonaiak maitasunez, desioz, oroimenez, beldurrez eta zalantzez betetako giza-paisaia gisa agertzen dira. Freud izena gure hiztegian ez zegoen haurtzaroko urruneko mundu primitibo hartan gertatzen diren istorioak. Fantasiaz, bisioz, oroimenaren gaueko, gure izaerako, txoko ezkutuenetan ezkutatutako irudiz osatutako unibertsoa. Obabakoak konposizio poetikoa, ikustekoa eta fisikoa izango da, eta animaliak gizakiekin nahastuko dira, eta basoak gure gorputz-adarrekin. "Gesamtkunstwerk" txiki bat».
Entseguetan ikusi ahal izan denez, argi eta garbi dago Bieito antzezlanaren esparrua gaindituko duen eta esperientzia multisentsoriala bilakatuko den lana ari dela prestatzen, ahots desberdinetan oinarrituta eraikitako multimedia poema sinfonikoa. Inork zalantzan jartzen ez duen Atxagaren testuaren edertasunari, Obabakoak lanaren moldaketa honek oso elementu indartsuak gehitzen dizkio, Sarah Derendinger sortzaile suitzarraren ikus-entzunezko proiekzioak edo musika eta ahots moldaketak, mota guztietako beste soinu batzuen artean (lan horretan Carlos Imaz maisuak egindakoa azpimarratu behar da). Hori guztia, Susanne Gschwenderrek zuzendutako oso eszenografia bitxiaren eta funtzionalaren barruan gauzatuko da.
5 emanaldi euskaraz Bartzelonan
Obabakoak urriaren 18tik 21era estreinatuko da Bilboko Arriaga Antzokian, eta bertatik Bartzelonara joango da, Teatre Lliurera, hain zuzen ere, euskarazko bertsioan, katalanezko azpi-tituluekin. Bertan bost emanaldi eskainiko dira, egunean bat, urriaren 25etik 29ra.