DONOSTIA. Donostian izan den prentsaurrekoan, Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiaren zuzendaria, eta Ruth Perez de Anuncita, komunikazio arduraduna, aurtengo edizioan izango den euskal zinemaz aritu dira.
Aipatu duten bezala, Zinemira sailak lehiaketako hiru film hartuko ditu berean. Eñaut Castagnet ("Berria 10 urte", "When I Was a Child") eta Ximun Fuchs, Le Petit Théâtre de Pain antzerki-konpainiaren sortzailea, fikzio zinematografikoaren alorrean estreinatuko dira "Non" filmarekin. Bertan, Frantziako herri txiki bateko komunitate baten borrokaren berri emango digute, enpresa batek itxi ondoren.
Halaber, han izango da "Bi txirula", gogoetarako bidaia, Iñigo García lehen fikzio-film luzea. Lanbidez arkitekto, zenbait film labur egin ditu aurretik, esaterako, "Big Boy" dokumentala eta "Errusia".
Eta "Pura vida" (2012) eta "Walls" (2015) filmen zuzendari eta ekoizleek, Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak (Iruña, 1978) eta Igor Otxoak (Donostia, 1978), "Elkarrekin-Together" zuzendu dute. Filmean, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean dagoen irla urrun bateraino joango dira euskal arkeologoen espedizio bati jarraikiz, euskal bale arrantzaleak eta bertakoak han elkartu eta lankidetzan aritu zirela baieztatuko duten frogen bila.
"Elkarrekin-Together" izan da Euskal Zinema eta ETBren Galako emanaldirako aukeratutako filma. Saila lehiaketaz kanpo parte hartuko duten bi filmekin osatuko da: "Converso", David Arratibelen ("Oírse") bigarren filma, eta "Nur eta herensugearen tenplua", Juanba Berasategik (Pasaia, 1951-2017) zuzendutako azkenekoa.
Sail Ofizialean bi obra izango dira Irizar sarirako hautagai: "Morir", Fernando Francok (Sevilla, 1976) "La herida" egin ostean zuzendutako bigarren filma, Marian Alvarez eta Andrés Gertrudix antzezleek protagonizatzen dute; aldiz, "Handia"-k, Aitor Arregiren (Oñati, 1977) eta Jon Garañoren (Donostia, 1974) filmak, Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse ditu protagonista.
Halaber, saria lortzeko lehian izango da "Operación" Concha, Antonio Cuadri (Trigueros, Huelva, 1960) zuzendariaren filma, Jordi Mollà, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramon Agirre eta Bárbara Goenaga protagonistekin. Belodromoan izango da emanaldia.
Irizar sariaren epaimahaiak kontuan hartuko du Bestelako jarduerak programaren esparruko "Volar" filma ere. Bertha Gaztelumendik (Irun, 1962) zuzendua -Zinemiran "Mariposas en el hierro" (2012) estreinatu zuen- genero-indarkeriaren biktima diren bederatzi emakumerengana hurbilduko da. Protagonistek asteburu bat elkarrekin ematen dute landa-eremuan.
Gainera, Koldo Almandoz (Donostia, 1973) berriz izango da Zabaltegi-Tabakaleran iaz "Sipo Phantasma" aurkeztu ondoren. Aurten "Plágan" izeneko film laburrarekin parte hartuko du. Kimuak 2017 ekimenerako hautatua izan zen, eta, urtero bezala, ekimeneko zazpi obrak profesionalentzako emanaldia izango dute Zinemaldiaren esparruan.
hamalau euskal ekoizpen izango dira 65. Donostia Zinemaldiko zortzi sail eta programetan. Horietatik zazpik Zinemaldian izango dute munduko estreinaldia eta Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dute.
INDUSTRIA
Bestalde, lau euskal ekoizpen ere -hiru hasiberriak, bat amaitzear- protagonista izango dira 65. Zinemaldiko industria-jardueren esparruan.
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, euskal ekoizpena dute hastapenetan dauden bi proiektuk. "Akelarre", 1609ko Euskal Herrian girotua, Pablo Agüerok zuzenduko du (El Bolsón, Argentina, 1977); hau da, "77 Doronship" (Zabaltegi-Zuzendari Berriak 2009) eta "Eva no duerme" (Zinema Eraikitzen 27 eta Sail Ofiziala 2015) filmen errealizadoreak.
"El doble más quince" Mikel Ruedaren (Bilbao, 1980) proiektu berria da. "Caminan" (Zabaltegi-Tabakalera 2016 eta Kimuak 2016), "New York. Bosgarren solairua" (Zinemira 2016) eta "A escondidas" / "Ezkutuan" (Malagako zinema-jaialdia 2014) filmen egileak 30 urtek banatutako emakume eta nerabe baten istorioa kontatuko digu.
GLOCAL IN PROGRESS
Horrez gain, Glocal in Progress ekimenak, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmei emandako industria-jarduerak, Telmo Esnal (Zarautz, 1967) zuzendariaren "Dantza" aukeratu du lehenbiziko edizioan. Aurrez hainbat lan aurkeztu ditu zuzendariak Zinemaldian: "Aupa Etxebeste!" (Zuzendari Berriak, 2005), Asier Altunarekin batera; "Amona putz!" (Zinemira - Euskal Zinemaren Panorama 2009); "Urte berri on, amona!" (Zabaltegi-
Zuzendari Berriak 2011); eta "Iraila", berriz ere Altunarekin, Kalebegiak talde-filmaren barruan.
Azkenik, Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, ikus-entzunezko proiektuak sustatzeko asmoz, elkarrekin antolatzen duten Ikusmira Berriak programan "Las letras de Jordi" aukeratu da, Maider Fernández Iriarteren proposamena. María Elorzarekin batera "Gure hormek" (Zabaltegi-Tabakalera 2016) eta "La chica de la luz" egin ditu Fernández Iriartek; azken hori, "Kalebegiak" (Belodromo 2016) film koralaren barruan.
ZINEMIRA SARIA
Euskal Zinema eta ETBren Galan, irailaren 26an (asteartea) Victoria Eugenia antzokian, "Elkarrekin-Together" filma proiektatuko eta Zinemira saria emango da. Aurten, Julia Juaniz muntatzailearen jarduna sarituko da.
Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute ohorezko sari hori, euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzeko. Aurreko urteetan Imanol Uribek (2009), Alex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015) eta Ramón Bareak (2016) jaso dute
Zaragozako Unibertsitatean Medikuntza eta Spectrum galerian argazkilaritza ikasi ondoren, 60tik gora produkzio muntatu ditu Julia Juanizek (Arellano, Nafarroa, 1956), besteak beste, Carlos Saura (Taxi, Pajarico, Tango, Goya en Burdeos, Buñuel y la mesa del rey Salomón, El 7º día, Io, Don Giovanni), Víctor Erice (Alumbramiento), Daniel Calparsoro (Guerreros / Gerrariak, Asfalto), Mercedes Alvarez (El cielo gira), Rafael Gordon (Todo mujer, La reina Isabel en persona) edo Ramón Barea (El coche de pedales, Pecata minuta).
Errealizadore gisa egindako film laburrak ere aurki daitezke bere filmografian, besteren artean, "Traintime" (1991), Euskal Zinemaren Sari Nagusiaren irabazlea Bilboko zinema-jaialdian; edota bitan izendatu dute muntaketa onenaren Goya sarirako, "Goya en Burdeos" (1996) eta "Iberia" (2005) filmengatik hain zuzen; horrez gain, "El cielo gira"k (2004) Espainiako Kritiko Zinematografikoen Zirkuluaren saria ekarri zion.
Gaur egun, Karzan Kader zuzendariaren "Trading Paint" (Espainia - AEB) muntatzen dabil, John Travolta, Michael Madsen eta Shania Twain protagonista dituen film luze bat, eta aurrez honako film hauek amaitu ditu: "Bent", Bobby Morescok idatzia eta zuzendua ("Crash" eta "Million Dollar Baby" filmen ekoizlea), Sofía Vergara eta Andy García antzezleekin; "Finding Steve McQueen", Mark Steven Johnson zuzendariarena ("Daredevil"), Travis Fimmel ("Vikings") eta Rachael Taylor ("Transformers") aktoreek protagonizatua, eta "Black Butterfly", Brian Goodman zuzendariarena ("What Doesn't Kill You"), Antonio Banderas Donostia sariduna eta John Rhys Meyers ("Match Point") antzezleekin.