Durangoko Azokak boluntariotza programan izena emateko epea ireki du
BILBO. Horrela, urriaren 31ra arte egongo da programan izena emateko aukera, webgunearen bidez, antolakuntzak jakinarazi duenez.
Modu honetan, Durangoko Azokak "iazko esperientzia aberasgarria" errepikatuko du aurtengo edizioan ere. Iaz, lehen aldiz, boluntariotza programa abiarazi zen Azokan, eta "erantzun bikaina" jaso zuen kulturzale eta euskaltzaleen aldetik. "Dozenaka lagun izan ziren Azokaren antolakuntzan lanean, kulturaren plaza barrutik ezagutzen, eta 50. edizioa denon artean borobiltzen", nabarmendu du.
Iazko arrakasta ikusita, aurten ere Durangoko Azokak boluntariotza programa martxan jarriko du. Izen ematea urriaren 31ra arte zabalik izango da, eta nahi dutenek Azokako zereginetan lagundu "eta Azokako erritmo bizia bizitzeko aukera izango dute".
Zehazki, harremanen arloan, bisitariei programa, sinadura, erakusleihoen kokapena eta abarrei buruzko informazioa ematea da izango da zeregin nagusia, eta boluntarioak leku ezberdinetan egongo dira, hala nola gune ezberdinetatik mugitzen edo informazio puntuan. Horrez gain, bestelako zereginak ere izan ditzakete, besteak beste, e-liburutegian lagundu edo Areto Nagusiaren prestaketan parte hartu.
Azpiegiturei dagokienez, Durangoko Azokaren antolaketa logistikoari lotutako zereginetan laguntzeko aukera izango da, esaterako aparkalekuetako zaintza, Azokaren ate irekierak edota erakusketetako objektuen zaintza.
Halaber, komunikazioare arloan, komunikazio lantaldearekin harremanetan, Durangoko Azokaren informazioa zabaltzeko egingo diren ekintzetan laguntzea izango da zeregin nagusia. Azokan bertan lokuzio lana egiteko, euskarri ezberdinetako erreportajeak egiteko eta arlo birtualean lana egiteko aukera egongo da, esaterako, sare sozialetan jarraipenak eginez edo webgunea bera elikatuz, Azokaren jarraipena eginez.
Esan bezala, izena emateko epea zabalik dago jada eta urriaren 31ra arte luzatuko da, www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez. Lehenengo urratsa erregistratzea izango da ("kontua sortu" estekan klik eginez) eta horren ostean galdetegia bete beharko da. Azkenik, nahiago den txanda eta zeregina aukeratu ahal izango da.
BALDINTZAK
Parte hartzaileek 18 urte baino gehiago izan beharko dituzte eta euskaraz komunikatzeko gai izan beharko dira. Txanda bakoitza hiruzpalau ordukoa izango da (boluntarioaren esku egongo da txanda bat baino gehiago egitea), eta boluntario bakoitzak motxila bat jasoko du, ura eta mokadutxo batekin.
Horrez gain, aurtengo kartelaren irudia duen identifikaziorako kamiseta ere banatuko zaie, eta beharrezkoa dutenek boluntariotza agiria ere jasoko dute (Azokan boluntario lanetan egon direla baieztatzen duen agiria), nahi duten lekuetan aurkez dezaten.
Azoka heldu baino lehen, boluntarioen koordinazio taldeko kideak izena eman duten parte hartzaileekin harremanetan jarriko dira (posta elektronikoz, telefonoz zein aurrez aurre), zereginaren xehetasun guztiak jakinarazteko. Egunean bertan ere, harrera puntuan, argibideak jasoko dituzte. Boluntariotza programa abian jarri da Eroskiren lankidetzari esker.