BILBO. Museo bilbotarrak jakinarazi duenez, txostenak estatuko 60 museo aztertu eta hiru taldetan sailkatu ditu, webgunean eskuragarri jartzen duten informazioaren arabera eta gardentasunaren 24 seinaleren arabera: gardenak, zeharrargiak eta ilunak.

Guggenheim Bilbao Museoak eta MACBAk 18 puntu lortu dituzte eta lehen lekuan daude. Atzetik doaz, bigarren lekuan eta 16 puntu dituztela, Es Baluard, Museo ICO eta Museu Nacional d'Art de Catalunya. Bost horiek txostenean "gardentzat" jo dituzten bakarrak dira.

Iazko txostenarekin alderatuz gero, berritasun bat du aurtengoak: jardunbide egokien atalean Guggenheim Bilbao Museoak "Etika-kodea eta jardunbide egokien kodea" idatzi eta onetsi duela azpimarratzen du. Dokumentu horretan, lehenbiziko aldiz Espainian, bildumaren kudeaketa politika eta kudeaketa horrek ekar ditzakeen etika arazoak aztertzen eta arautzen dira. Halaber, artelanak erakusgai jartzeko, publikoarekiko begirunea gordetzeko eta sor litezkeen interes gatazkak ebazteko irizpideak zehazten dira.

Guggenheim Bilbao Museoko arduradunek nabarmendu dutenez, jakitun da gizarteak "zilegizko ardura handia" duela diru funts eta zerbitzu publikoen erabileraren inguruan, eta horregatik "konpromisoa erakutsi du gardentasunarekin": informazio eta dokumentu adierazgarrienak publikoarentzat eskuragarri daude www.guggenheim-bilbao-corp.es webgunean.