Zortzi urte egin behar dugu atzera Billbomatiks taldearen hastapenak ezagutzeko. Taldekide gehienak koadrilakoak, ska zale amorratuak eta rocksteady edo ska kon-tzertuetara sekula huts egiten ez duten horietarikoak dira. Partaide batzuk, gainera, Bilbomatiks osatu aurretik, Irola irratiko Bilbo Goes Ska saioan ibilitakoak dira. “Eskola bat eta taldea sortzeko aurrerapausoa” izan zen hura beraientzat, taldekideen hitzetan.
Geroztik, Euskal Herriko txoko batetik bestera zuzenekoak eskaintzen ibili dira, joan den urtearen hondarrean aurreneko diskoa argitaratu zuten arte. “Abesti egokiak izan eta euren burua prest ikusi zutenean” heldu zen erabaki hori hartzeko unea, Igor Uribe taldeko abeslariaren esanetan. Izan ere, “estilo honek gauzak mimoz egitea eskatzen dizu” eta horixe egiten saiatu dira, “lana patxadaz hartu”. Erritmo edo harmonia egokiak lortzeko taldeak lan asko egin duela onartu du Uribek, “ez baita erreza ska edo rocksteady musikek duten puntua harrapa-tzea”, abeslariaren ustez.
Behin hori lortuta, diskoa graba-tzeko pausoa eman behar zutela erabaki zuten. Esan eta egin. Bederatzi kantuk osatzen dute Bilbomatiks diskoa. “Zerbait adierazten duten abestiak dira denak, hitzez gehienek eta musika hutsez besteek”, Uriberen esanetan. Euskaraz kantatzea “hautu politikoa” dela dio abeslariak, kantuen gaiak edo hi-tzak bezala. Abesti instrumentalen kasuan, aldiz, “jarrera bat” dagoela dio abeslariak. “Jamaikako ska musikak jazz edo blues bezalako estiloetatik asko edan du eta ugariak dira Jamaikan ska instrumentala soilik jotzen duten taldeak, The Skatalites taldea kasu. Guk, azken finean, haien jarraitzaile eta imita-tzaile izanik, jarrera hori mantendu nahi izan dugu, horrela, bide batez, diskoak airea hartu du”. Hala ere, beste ukitu bat duten abestiak ere badaudela argitu du Uribek.
ERAGIN UGARI
Orain lantzen duten estiloa lortzeko, musika talde askoren eragina jaso du bederatzikoteak. Gazteagoak zirenean, The Specials, Bad Manners edo Madness bezalako taldeak entzuten zituzten. “Talde hauek oso ohikoak dira ska musika gogoko dutenen artean”, jakinarazi du Uribek. “Two Tone deituriko musika estiloa da hauena, baina musika zuria da, nolabait europeizatua”, zehaztu du. Baina gorputzak musika beltza eskatzen zien bilbotar hauei, hots, ska, rocksteady eta reggae musika, batez ere talde jamaikarren eskutik zetorrena: The Maytals, Desmond Decker, Alton Ellis... “Ideia hori taldera ekarrita, eboluzio bat izan dugu. Oraingo errepertorioaren estiloa, hasierakoarekin konparatuta, oso desberdina da”, agertu du Uribek. Hala, talde bilbotarrak orain egiten duen musika Jamaikari eta musika beltzari askoz ere lotuagoa dago, “hori da batez ere gure erronka eta obsesioa”, gehitu du abeslariak. Hala ere, euskal taldeetatik ere edan du Bilbomatiks-ek, Akats edo Ttak! taldeetatik, besteak beste.
Urteak pasatu behar izan dira, beraz, bizkaitar gazte hauek beraien estiloa ondo definitu eta aurreneko diskoa osatzeko erabakia hartu arte. Ez zaie erreza izan, adibidez, konposizio lana, “taldean asko gara eta iri-tzi desberdinak daude”, dio Uribek. Gainera, estilo honek “detaileak asko mimatzea” eskatzen duela uste du: “Erritmoak, harmoniak... Gakoa gustuko dugun musika imitatzen saia-tzea da, entzun izan ditugun estiloetan oinarritzea eta lokalera ekarri ditugun ideiak asko lantzea”, kontatu du abeslariak.
Taldearen izen bereko diskoa Priscifunktoria estudioan grabatu dute, Xabi Urrutikoetxearen laguntzarekin, eta emaitzarekin pozik dira. “Pazientzia handia izan du gurekin eta ideia asko eman dizkigu. Bera gabe, ezinezkoa izango litzateke hau guztia egitea”, onartu du Uribek. Diskoa taldearen webgunean salgai dago dagoeneko. “Hasieratik oso garbi izan dugu diskoa sarean jarri behar genuela, denen eskura izateko. Badakigu ez dugula dirua irabaziko honekin”, dio abeslariak. Hala ere, zenbait dendetan ere eskuratu daiteke, Brixton-en eta Power Records-en, adibidez. Horrez gain, kontzertuetan ere salgai izan ohi dute estreinako lana.
“Musika beltza euskaraz egitea” du xede Bilbomatiks-ek. Taldeko partaideen iritziz, “jendearen belarriak ez daude ohituta musika estilo honetara gure inguruan”, baina beraiek horretan sinesten dute eta horretan ari dira. Eta, diskoa kaleratzearekin batera, “ska musikaren eszenan leku bat” egin dutela uste du abeslariak.
Oraintsu, Bilboko Stage Live aretoan eman du taldeak diskoaren aurkezpen kontzertua. “Oso berezia izan zen”, oroitu du abeslariak. “Gurekin batera parte hartu zuten musikari eta lagunez gain (Willy Calambres, Adrian Lauren eta Josu Santamaria), The Aggrolites taldearekin jotzea esperientzia polita izan zen. Mundu mailako reggae talderik ezagunetarikoa da gaur egun, eta pertsonalki talde kuttuna izanda, egundoko esperientzia eta ohorea izan zen”, aitortu du Uribek. Hurrengo kon-tzertua Bilboko Aste Nagusian eskainiko dute, abuztuaren 21ean, Algara konpartsaren oholtzan.