BILBO. Berri Txarrak taldeak bost kotzertuko bira bat egingo du apirilaren 6tik 10era bitartean, "JMH Gaztetxe Bira" izenburupean, eta "Jaio.Musika.Hil" diskoa osorik interpretatuko du, argitaratu zenetik hamar urte igaro direla eta biniloan kaleratuko dela ospatzeko.

Zehazkiago, Baionako Zizpa gaztetxean (20:00), Tolosako Bonberenean (21:00), Lodosa Kultur Etxean (18:00), Otxandioko gatetxean (20:00) eta Gernikako Astran (19:30) izango dira kontzertuak, apirilaren 6, 7, 8, 9 eta 10ean, hurrenez hurren. Adierazitako ordua ateak irekiko diren unea izango da, eta kontzertuak 45 minutu edo ordubete beranduago hasiko dira, talde nafarrak jakinarazi duenez.

Sarrera batzuk internet bidez erosi ahalko dira eta aldi berean gaztetxe bakoitzean sarrera fisiko batzuk gorde dituzte. Internet bidezko sarrerak ostiral honetan jarri dira salgai, 10:00etatik aurrera, www.musikaze.com/berritxarrak helbidean. Tokian tokiko sarrera fisikoen inguruko azalpenak datozen egunotan emango dituzte, gaztetxe bakoitzak bere modura egingo baitu salmenta hau.