Kafkiarra da egoera, kafkiarra honen edo haren pentsamoldea, kafkiarra pertsona jakin baten itxura,... eta ehun urte daramatzagu horrela, Franz Kafka idazle txekiarrak idatzitako nobela bati esker (edo haren erruz). Mende bat igaro da Kafkak Gregor Samsa pertsonaia sortu zuenetik, intsektu nazkagarri bihurtuta esnatu zen gizagaixoa, eta ordutik mundu guztian zehar barreiatu da irudi hori, gure barne-miseriak isla-tzeko ispilu gardena bailitzan.
Euskaraz ere irakurri izan dugu Metamorfosia bi aldiz, eta hirugarren lan bat aurkeztuko da bihar, Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan. Plaza Barriko baztertxo horretan, Anton Garikanok eginiko lana agertuko da, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Forum-aren barruan. “Aurten ehun urte bete dira Metamorfosia argitaratu zenetik, eta aski arrazoi deritzogu, Arriagako irakurketa etenbakoan irakurgaitzat aukera dezagun”, esan du Pedro Alberdik, euskaltegiaren izenean. “Besteak beste, itzulpengintzaren garrantzia aldarrikatzeko aukera ere eman digu -gaineratu du irakasle eta idazleak-, eta bide horretatik programazio oso bat aurkeztuko dugu hala bigarren nola hirugarren hiruhilean”. Eta ohi duten legez, egitasmoaren errota zarratzeko, ekainean Kafkaren liburu laudatua irakurriko da, Arriaga Antzokian zor-tzi urtez antolatu den etenik bako irakurraldiari jarraipena emanez.
aizkora Arestik zioen poesia mailua dela, eta Kafkak, ostera, liburua aizkora behar duela izan, “geure baitan daramagun izotzezko itsasoa hautsiko duen aizkora”, Anton Garikanok gogoratu digun legez. Liburuari buruz zabal hitz egingo du bihar tolosar itzultzaileak, Bilboko erdigunean. “Kafka trebea da, trebea denez, aizkora dantzatzen eta izugarrien mundu bat erakusten”, nabarmendu du Garikanok.
Transformazio bat da nobelaren abiapuntua, baina, Garikanoren aburuz, “ez da transformazio erabatekoa, giza oroitzapenei eusten baitie” Gregor Samsak. “Munstro jatorra eta ona da. Zomorrotasunak gorputza aldrebesten dion arren, gizatasunari eusten dio, besteen premiekin kezkatzen da. Ez da batere berekoia, eta egoera berrira moldatzen saia-tzen da”, esan du itzultzaileak.
Bestelako kontuak ere aipatuko ditu Garikanok biharko mintzalditxoan, liburuaren ertz guztiak aztertzen saiatuko dela, Rufino Iraola eta Xabier Kintanarekin batera. “Beste guztien gainetik, Kafkaren lanetan gai bat da nagusi: gizakiaren alienazioa. Eta Metamorfosiaren kasuan, alienazio hori eguneroko lanak ispilatzen du. Hala, etengabekoa da Samsa protagonistaren kezka eta ardura besteekiko, bere buruaz ahazterainokoa. Bere buruari uko eginda bizi da, lanean, erabat familiari emanda; bere bizkar hartu du familia aurrera ateratzea. Behar moraltzat dauka”, kontatzen du Garikanok.
Horrezaz gain, pertsonaia nahigabetuak familiarekin duen erlazioa, mundu itxi eta klaustrofobiko baten nondik norakoak, irakurleak obra hau nola tratatu duen eta idazlearen beraren estilo “argi eta zehatza” aztertuko ditu jendaurrean.
Rufino Iraola izango du alboan. Iraolak 2000. urtean ekarri zuen euskarara Metamorfosia, Hirian argitaratu zena. Iraolak ondo ezagutzen du txekiarraren obra, ez bakarrik Metamorfosia, eta haren lanaren ezaugarriak aletzen saiatuko da biharkoan. “Ez da beste idazlerik izango bere pentsamoldearen zigilua, herrian, Kafkak bezain txertatua utzi duenik”, aurreratu du Zaldibiako irakasleak. Lana deskribatzeko, esaldi labur bat erabiltzen du: “Ezinaren paradigma da”.
Liburua zergatik itzuli zuen ere argi dauka Iraolak: “Indar berezi bat eman zidan, etsi gabe azkeneraino iritsi ahal izateko. Ez dut uste beste inolako esplikazioren beharrik dagoenik: berez esplikatzen da dena”. Orduko hartan, beretzat egin zuen lana, beste askotan egin duen antzera, eta, Hiriak publikatu ez balu, aspalditik hornitzen duen blogean zintzilikatuta egongo zela dio itzultzaileak. Gainera, onartu du Metamorfosia euskaratu zuenean berak ez zuela Kintanaren Itxura aldaketa ezagutzen.
itzulpengintza Metamorfosia hirutan itzuli da euskarara. Xabier Kintanak Itxura aldaketa izenburuarekin kaleratu zuen lehen itzulpena, 1970ean, Lur argitaletxean; Rufino Iraolak egin zuen bigarrena, Metamorfosia deitu zuena (Hiria, 2000); eta hirugarrena bihar plazaratuko du Ereinek, Anton Garikanon eskutik.
Honela, txekiarraren lanak itzulpengintzaz berba egiteko aukera ere zabalduko du egunotan. Biharko berbaldiarekin batera, beste bi antolatu ditu Bilbo Zaharra euskaltegiak. Etzi, leku berean, Andu Lertxundik itzulpenaren garrantziaz jardungo du. Asko daki horretaz Orioko idazleak, eta hausnarketa ugari egin ditu azken urteotan lanbideari buruz. Tartean, honako hau: “Bada elementu bat dexente kezkatzen nauena: gure kultur hizkuntzak beste batzuk izanda -neurri handi batean-, konturatu gabe, etengabe garela itzultzaile. Eta hizkuntza bakar jakin batetik jeneralean. Eta orduan, bere hizkuntzan -literatur tresna duen hizkuntzan- idazten duenean, askotan erabat subkon-tzienteki bada ere, itzulpena egiten ari dela euskal idazlea”.