Síguenos en redes sociales:

Joseba Sarrionandiaren iritzi politikoa, “kritikaz, konfesioz eta erantzunez” betea

Iurretarrak Mondragon Unibertsitateko ikasleekin partekatutako gogoetak bildu ditu ‘Lapur banden etika ala politika’n

Joseba Sarrionandiaren iritzi politikoa, “kritikaz, konfesioz eta erantzunez” betea

donostia - Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioan (EKT) aditu titulua atera-tzeko kurtsoaren aurreko ikasturtean parte hartu zuen Joseba Sarrionandiak, ikasleei politikaz eta kulturaz hitz egin ziela. Erbestean dagoela eta, distantzian egin zuten lan eta bi hitzaldietako testuak bidali zizkien partaideei. Ikasleek, ondoren, euren iruzkinak eta galderak iritsarazi zizkioten Iurretako idazleari, eztabaida antzeko bat sortuz. Lehenengo testua, politikari buruzkoa, eskuragarri dago jada. Aurrerantzean, gaiaren inguruan hausnarketa egin nahi duenak eskura dauka Pamiela argitaletxeak kaleratutako Lapur banden etika ala politika. “Bertan proposatzen duen eztabaida herriko plazan jartzeko ahalegina da obra hau”, agertu zuen Nekane Goikoetxea Mondragon Unibertsitateko irakasleak, atzoko aurkezpenean.

Liburua saiakera labur bat da eta bi zati nagusitan banatuta dago: alde batetik, Sarrionandiaren testua dago, 108 orrialdekoa, eta bestetik, 63 orrialdeetan zehar, ikasleek bidalitako iruzkin eta galderak datoz, azken hauei (ia guztiei) erantzuten saiatu baita bizkaitarra. “Hori bai, liburua oso-osorik irakurri behar da iritzia osatzeko, ezin da bertan jartzen duena laburtu ideiak argitzeko; guk hori uste dugu eta Sarrionandiak ere berdin pentsatzen du”, azaldu zuen Julen Arexolaleiba EKTko koordinatzaileak. Horregatik, ez zen ausartu liburuan datorrena modu laburrean kontatzera.

Bestalde, saiakerak 24 testu gordetzen ditu Gure politikaren bilakaera, inpresio eta iritzi batzuk izenburupean eta hiru zutabetan banatuta dago. Lehenengoa hizkuntza da, bigarrena, nazioa, eta azkena politikaren planoa litzateke. “Autodeterminazio eta independentziari buruzkoa da azken hau”, gehitu zuen Arexolaleibak. “Liburu atipikoa da, eta ez da ohikoa iritzi eta guzti argitaratzea”, gehitu zuen.

lan pertsonala “Oso lan pertsonala da, soila, apaingarri askorik gabe, edozeinek irakurtzeko modukoa, baina ironiarik ez zaio falta”, erantsi zuen Goikoetxeak, eta inprobisazio “erreal eta metaforiko” bezala ere definitu zuen saiakera. “Eztabaidarako liburua da, badu kritika eta autokritika, konfesioa ere bai, eta baita erantzuna”, azaldu zuen MUko irakasleak. Bere iritziz, ondo funtsatutako gogoeta saiakera da. Pentsa-tzera behartzen duen lana, adostasunak eta desadostasunak sortuko dituena: “Hori da liburuaren birtuteetako bat”.

Subjektibitate berri bat aldarrikatu du Sarrionandiak liburu honetan eta singularrean hitz egin beharrean, harremanen bitartez sortzen denaz jardun du. Horregatik gu-az hitz egiten du: “Gu euskalduna, gu euskal herritarra, gu ezkertiarra, gu gure belaunaldikoa, gu kulturgilea eta gu exiliatuak daude liburuan”, Goikoetxearen esanetan.

“Liburuak geruza asko ditu, eta pertsona bakoitza geruza batera iritsiko da”, jarraitu zuen Arexolaleibak, eta Sarrionandiak esperien-tziatik hitz egiten duela gaineratu zuen.

Iban Arantzabal blogari eta aditu tituluko ikasleak ere liburuaren garrantzia azpimarratu zuen atzokoan: “Feedbacka egon da, eta beti mezu garrantzitsu eta sendo batekin”. Bere iritziz, iurretarraren liburua edonork irakurtzeko eta bere iritzia osatzeko kaleratu da, eta “begirunetik” egina dago. “Ziur nago zeresana sortuko duen saiakera dela”, nabarmendu zuen Arantzabalek, egilea bera ere “gertu” izan dutela azpimarratuz: “Ikasturte guztian zehar Sarrionandia presente sentitu dugu”.

Idazlearen egoera bereziak ere emaitza bitxia ekarri duela adierazi zuten agerpenean. “Hau posible izan da idazleak ezin izan duelako etorri: bestela, posible da hitz egindakoa ikasgela barrutik ez irtetea”. “Hala ere, hitz egindako gauza interesgarriak jendearengana irits daitezen saiatuko gara”, zarratu zuten.