BILBO - Urteen poderioz, euskarazko zinemagintzaren habia eta bilduleku bilakatu da Lekeitio. Azaroaren 22tik 29ra suertatuko den Euskal Zine Bilerak 38 urte betetzen ditu, eta, beste behin, egitasmoaren garran-tzia eta indarra azpimarratu nahi izan dute erakunde eta antolatzaileek, Zine Bilera inoiz baino beharrezkoagoa dela azpimarratuz. Aldi berri honetan, 41 film lehiatuko dira, horietatik hamar profesionalak eta beste 31 amateurrak. Guztira 60.000 euroko aurrekontua du Bilerak eta 15.000 euro banatuko dira sarituen artean. Aurten, gainera, Aldundiaren eta BBKren laguntzaz gain, enpresa pribatuarena ere lortu dute, Danok Bat-ena, hain zuzen.

Gora-behera ugari bizi izan ditu Bilerak bere ibilbide zabalean (gogoratu behar da Frankismo garaian sortu zela), baina helburu nagusiak tinko dirau, antolatzaileek atzo aitortu zuten legez: “Euskara eta ikus-entzunezkoen mundua uztartu nahi ditugu, eta herria ekimen honen inguruan inplikatu gura dugu”. Halan, erakusleiho lehiaketa antolatzen da Lekeition, eta txikientzako emanaldi bereziak eskaintzen dira.

Egitaraua biribiltzeko, bestelako kontuak ere aurreikusi dituzte. Esaterako, proiekzio bereziak, omenaldiak, bekak eta mahai-inguruak. Honela, Asier Altunaren Amama proiektatuko da, eta Aitor Mazo eta Patxo Telleriaren Bypass ere bai. Gainera, Mazori omenaldia egingo diote, eta bere familikoek jasoko duten Begirada garaikurra emango zaio zinemagile zenduari.

Berbaldian, ostera, Euskal film laburren kartografia aztertuko da, Barandiaran aretoan eta hilaren 28an, sari-banaketa egingo den egun berean.

Horrezaz gain, Euskaltzaleen Topaguneak Benito Ansola beka emango du, hirugarrenez. Sortzaileei laguntzeko ezarri zen bere garaian, eta 3.000 euroko diru-saria bideratzen da proiektu konkretu bat garatzeko. Hamahiru proposamen aurkeztu dira aurtengo deialdira eta Zine Bilerako amaiera ekitaldian emango dute irabazlearen barri; honek datorren urteko Zine Bilerarako osatu beharko du filma.

Bilboko BBK Aretoan aurkeztu zuten zita, atzo, eta bertaraino hurbildu ziren, besteak beste, Lorea Agirre, Aldundiko Kultura diputatua, eta Koldo Goitia, Lekeitioko alkatea. “Polita ezeze eraginkorra ere bada jaialdi hau”, esan zuen diputatuak. “Sormena, artea eta euskara uztartzen ditu Lekeitioko Zitak”, aitortu zuen, “eta gure hizkuntza bizirik mantentzeko tresna oso eraginkorra da”. Era berean, Bilera “euskaraz bizi, lan egin eta gozatzeko” leku aproposa ere badela gogoratu zuen Lorea Agirrek, baina ez hori bakarrik. Aldundiaren laguntza justifikatu zuen, euskarazko pelikulek “merkatuan duten desabantaila zelan edo halan orekatu behar delako”.