BILBO. Antzezlan bakoitzaren emanaldi bat eskainiko da, Medeatik hasita, larunbatean, azaroaren 14an, arratsaldeko 20:00etan. Beste biak igandean, azaroaren 15ean, izango dira, lehenengo Edipo Rey, 17:30etan, eta ondoren Antigona, 20:00etan.

Antzezlan greziarren emanaldi hirukoitz horrek Teatro de la Ciudad izena jasotzen duen antzerki proiektua osatzen du. Andrés Lima, Alfredo Sanzol eta Miguel del Arco zuzendariek aurrera eramandako ekimena da, eszenako ikerketaren, gogoetaren, ekoizpenaren eta erakusketaren aldeko apustu gisa ulertua. Madrilgo Teatro de La Abadía izenekoarekin batera ekoiztutako hiru ikuskizun horiek eszenaratzea, egindako lanaren azken fasea izan da. Horrela, Andrés Limak Medea zuzentzen du, eta antzezle gisa ere aritzen da, Corifeo, Creonte eta Jason antzeztuz. Alfredo Sanzol, bere aldetik, Edipo Rey zuzentzeaz arduratzen da. Eta, azkenik, Miguel del Arco da Antigonaren zuzendaria.

Beraz, proiektu bateratua izan arren, bakoitzak bere aldetik funtzionatzen duen hiru ikuskizunek osatutakoa da. Horregatik, aukera egongo da ikuskizun bakoitzerako sarrerak erosteko, baina baita hiru ikuskizunetarako sarrera, eta igandean eskainiko diren bietarako sarrera ere erosi ahal izango da.