Síguenos en redes sociales:

Aki Kaurismäkik Zinebi 57ren Ohorezko Mikeldia jasoko du

Aki Kaurismäkik Zinebi 57ren Ohorezko Mikeldia jasoko du

BILBO. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, saria emateko ekitaldia azaroaren 20an izango da, Bilboko Arriaga antzokian, 20:00etan hasiko den Zinebi 57ren amaierako galaren barruan. Juan Ruiz Anchía zineko argazki zuzendari bilbotarrak jasoko du edizio honetako beste Ohorezko Mikeldia.

Aki Kaurismäki (Orimattila, Finlandia, 1957), berak bigarren mailako ikasketak amaitu aurretikzazpi hiritan bizi izan zen klase ertaineko familia bateko lau seme-alabetatik hirugarrena izan zen. Akik eta Mika anaia txikiak zinearekiko interesa oso gaztetatik erakutsi zuten arren, Aki ez zen onartua izan Finlandiako Zine Eskolan, eta Kazetaritza ikasketak hasi zituen Tampereko Unibertsitatean. Mikak, bere aldetik, zinematografia ikasi zuen Munichen.

Denbora asko igaro baino lehen, bi anaiek euren ekoiztetxea sortu zuten, Villealfa Oy. Bi anaien lehenengo lana "Gezurtia" ("Valehtelija", 1981) izan zen, Mikak zuzendu eta protagonista Aki bera zuen film ertaina. Film horrek bertako zinefilia zirkuituetan lortu zuen arrakastak bere ibilbide profesionala hasteko aukera eman zion, literatura unibertsaleko lan klasiko baten moldaketarekin: "Krimena eta zigorra" ("Rikos ja rangaistus", 1983).

Lehen lan arrakastatsu horren ondoren, zenbait komedia burugabe samar etorri ziren, bere estiloaren ezaugarri nabarmenenetakoa bilakatu zen tonu kritiko eta sarritan espresionistarekin egindakoak, besteak beste, "Calamari Union" (1985) film luzea eta "Rocky VI" (1986) film laburra.

PROLETARIOTZAREN TRILOGIA

Bere ibilbide osoko lan azpimarragarrienetako bat iritsi zen orduan: "Itzalak paradisuan" ("Varjoja paratiisissa", 1986). Lan horrekin Canneseko Zinemaldiko Zinemagileen Hamabostaldian eta Torontoko Nazioarteko Zinemaldian hartu zuen parte.

Film hori, Proletariotzaren Trilogia izenekoaren lehenengoa izan zen, Moskuko Nazioarteko Zinemaldian saria lortu zuen "Ariel" (1988) eta Europako kritikaren aho bateko txaloak jaso zituen "Pospolo lantegiko neska" ("Tulitikkutehtaan tyttö", 1990) filmekin batera.

Hiru lan horiekin, bere filmografian agertzen den leitmotivetako batek, zorigaitzak, behin betiko forma hartu zuen. Izan ere, bere pertsonaiak ahal duten bezala borrokatzen dira porrota saihesteko edo, gutxienez, porrot horren ondorioak arintzeko: duintasunari eusteko ahaleginetan ari diren betiereko galtzaileak dira.

"Leningradeko cowboyak Ameriketara doaz" ("Leningrad Cowboys go America", 1989) eta, batez ere, Canneseko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen eta bere Galtzaileen Trilogia berriaren bigarren lana den "Iraganik gabeko gizona" ("Mies vailla menelsyyttä", 2002) lanekin lortu zuen mundu mailako zine garaikidearen maisu aintzatespena.

Trilogia hori osatzen duten beste filmak "Laino iragankorrak" ("Kauas pilvet karkaavat", 1996) eta "Argiak arratsaldean" ("Laitakaupungin", 2006) dira. 1990eko hamarkadaren hasieratik, hamarkada osoan, Aki Kaurismäkiren lana Europako beste eszenatoki batzuetara zabalduz joan da.

Antzezleen zuzendaritzan egiten duen lanaren "estilo lehor eta lakonikoa" eta bere filmen ezaugarri den eszenan jartzearen urruntasuna direla-eta, Aki Kaurismäki Robert Bresson eta Jean-Pierre Melville bezalako zinemagile handiekin konparatu izan da. Haiek ez bezala, gero eta gutxiago disimulatzen diren umore ukituak nabarmen agertzen dira bere eraikuntza dramatikoetan.

Zorigaitzaren aurreko erantzun gisa agertzen den eta Kaurismäkiren zinearen beste ardatz nagusia den baikortasuna agertzeko aukera ematen duen umorea da. Horrela uler daiteke bihotz handiko zapata garbitzaile baten gorabeherak erakusten dituen "Le Havre" (2011) orain arte egin duen azken film luzearen amaiera. Oraingoan ere Aki Kaurismäkiren zine osoak erakusten duen eduki politiko argiak ez du ezkutatzen zinemagile horren gogoetaren dimentsio humanistiko eta askatzaile sakona.