donostia - Pasaiak Euskadiko gipuzkoar aurresku eta soinu zahar lehiaketak hartuko ditu larunbat arratsaldean. Hitzordua Antxoko Ibaiondo frontoian izango da, 18.30etik aurrera.
Gipuzkoar aurresku lehiaketaren 35. edizioa izango da aurtengoa eta zazpi dantzari arituko dira nor baino nor taula gainean: Aimar Odriozola (Ibarra), Ekain Susperregi (Oiartzun), Luis Garcia (Errenteria), Iker Sanz (Lezo), Beñat Asensio (Lezo), Xanti Leonet (Oiartzun) eta Beñat Salegi (Errenteria). Azken hiru urteotako txapelduna, Iker Larunbe, ez da lehiatuko aurten.
Aurreko ediziotan Jon Maia, Edu Muruamendiaraz eta Mikel Sarriegi dantzari ezagunek ere irabazi izan dute 1981. urteaz geroztik jokatzen den dantza lehiaketa.
Soinu zahar txapelketa ere jokatuko dute larunbatean, bederatzigarren urtez. Kasu honetan, hamahiru dantzari igoko dira taula gainera: Maider Lizeaga (Pasaia), Janire Fernández (Lezo), Nerea Videira (Oiartzun), Ane Urruzola (Villabona), Maddi Otegi (Villabona), Izar Aizpuru (Oiartzun), Leire Amiano (Lezo), Maddi Nazabal (Oiartzun), Garazi Lasa (Donostia), Izar Etxeberria (Oiartzun), Maialen Mariezkurrena (Elduain), Udane Eskudero (Oiartzun) eta Nerea Azkue (Lezo). Izar Etxeberria oiar-tzuarrak irabazi du lehiaketa azken bi urteotan eta lehen postu hori errepikatzen saiatuko da.
sariak Bi irabazleek Tomas Murua Trofeoa lortuko dute baina beraien herriko udaletxean gordeko da hurrengo edizioa ospatu arte. Udala trofeoaren jabe izateko, parte-hartzaile berak hiru aldiz jarraian edo bost aldiz txandaka irabazi beharko du txapelketa. Beraz, Etxeberriak aukera hori izango du.
Bestalde, urrezko domina, Kutxaren trofeoa eta Euskal Dantzarien Biltzarraren trofeoa lortuko dituzte irabazleek, lepoko zapia eta 320 euro. Bigarren sailkatuak 200 euro lortuko ditu eta hirugarrenak, 140 euro. Gainerakoek 60 edo 50 euroko dieta jasoko dute parte hartzeagatik.
Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Alkarkide Alkartasunako Dantzari Ohiak taldeak antolatu dute larunbat arratsaldeko ikuskizuna eta lehiaketa. - N.G.