BILBO. Saio horren ondoren, 23:00ak aldera, Jackie Revlon abeslariaren eta Tano Jao gitarrista kontzertua izango da The Piper's Irish Pub tabernan, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Funkaren saxo jotzaile eta musikagile ospetsuenetarikoa da Maceo Parker. Berak dioenez, "%2 jazz eta %98 funk" dauka bere musikak, nahiz eta soularen eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetako jazz-soularen oinordekoa ere den.

Maceo Parker (1943, Kinston, AEB) ezaguna da James Brown-ekin luzaro jardun izanagatik. Beste artista eta talde handiekin ere aritu da saxo jotzailea, esaterako, George Clinton, Bootsy's Rubber Band, Parliament, Funkadelic, De La Soul, JB Horns eta Prince-kin (azken horrekin "Musicology Tour" biran parte hartu zuen 2004an).

Bere jarduera 1964an erabat aldatu zen. Berak eta Melvin bere anaiak Ipar Karolinako herri batean musika ikasten zuten. Egun batean, Melvin jotzen zebilen klubean sartu zen James Brown eta handik urtebetera bere taldean jotzeko aukera eman zien anaiei. Hasiera batean sei hilabeteko kolaborazioa izan behar zuena urtetan zehar luzatu zen.

Ikastaldi trinko horren ondoren, bakarka jardutea erabaki zuen eta All The King's Men taldearekin "Doing Their Own Thing" (1970) eta "Funky Music Machine" (1975) diskoak grabatu zituen. 1989an "For All the King's Men" kaleratu zuen eta urtebete ondoren benetako aldaketa handia etorri zen "Roots Revisited" maisu lanarekin. Azken horrekin salmenta arrakasta handia eta kritikoen aldeko iritzia jaso zituen. "Mo' roots" (1991) eta "Life on Planet Groove" (1992) diskoekin "funk musikaren tontorra zapaldu zuen".

Urrezko urte horien ondoren bere diskografia handitzen jarraitu zuen: "Southern exposure" (1993), "Soundtrack" (1994) zuzenezko diskoa eta "Funk Overload" (1998). Hamarkada honetan beste lau disko grabatu ditu: "Dial Maceo", "Made By Maceo", "School's In" (azken urteotako disko onenetakoa) eta "Roots & Grooves" bikoitza, WDR Big Bandarekin eginiko biran grabatutako saioa.

Saioan Jackie Revlon abeslaria Tano Jao gitarra-jotzailearekin ariko da, bikote formatuan, eta blues eta jazz modalketez osatutako errepertorioa abestuko du Billie Holidayren musikan hasita eta Bessie Smithenean amaitu, tartean Fats Waller eta Malcolm Scarpa daudela.