bilbo - Euria barra-barra egin edo llover a cántaros, kolperik jo ez edo no dar un palo al agua. Zabala eta oparoa da oso euskarazko zein gaztelaniazko lokuzio eta esamoldeen zerrenda. Hori dela eta, testuak idazterakoan zalantzak sortu daitezke hizkuntza batetik besterako itzulpen zehatza bilatu nahi izanez gero. Horiek uxatu nahian, abian jarri du Labayru Fundazioak euskarazko Hiztegi Fraseologikoa sarean, 3.500 lokuziotik gora biltzen dituena.

Gaztelaniazko unidade fraseologikorik garrantzitsuenak abiapuntu gisa hartuta, euskarazko hitz-kate baliokideak izango ditu eskuragarri erabiltzaileak, proiektuaren hasierako fase honetan. Luze jo gabe, ordea, euskaratik gaztelaniarako bertsioa ere gehituko zaio, hiztegi berriaren corpusa etengabe eguneratzen eta handitzen doan heinean.

Gainerako hiztegi orokorren “ezinbesteko osagarri” honek eduki zabala landu nahi izan du bere sorretatik, Labayru Hiztegiarekin hartutako bideari jarraipena emanez. Honela, aipatu oinarrizko 3.500 lokuzioez gain, 18.000 euskal ordain, 4.500 adibide inguru eta 1.000 sinonimo biltzen ditu momentuz. Orokorrean, bilaketa bat egitean, gaztelaniazko hitz-kate horren euskarazko adiera izango da lortutako emaitza. Beste batzuetan, berriz, neutroagoak diren baliokideekin egingo du topo erabiltzaileak. Bi kasuetan, dena den, lokuzioaren inguruko informazio osatua eskaintzen du hiztegiak: kategoria gramatikala, erabilera-kontestuen gaineko azalpenak, sinonimoak...

“Euskararen kalitatea hobetzeko erreminta da; hari bizitasuna, kolorea eta berezko zaporea emateko modu bat”, adierazi zuen Adolfo Arejitak, Labayru Fundazioko zuzendariak, ekimenaren aurkezpenean. Ziortza Egurenek zuzendutako lantaldeak bere egitekoa hiru zutaberen gainean oinarritu duela gaineratu zuen Arejitak: idatzizko tradizioa, fundazioak landutako berezko testu literarioak eta ahozkotasuna. Hiru horiek batu nahi izan ditu Labayruk kontsulta “arin eta errazak” egiteko aukera eskaintzeko asmoz, euskara batua zein bizkaiera landuz.

Teknologia berriek sortutako eskaerei erantzunez, plataforma ezberdinetan (telefono mugikorrak, tabletak...) egin daiteke kontsulta, Labayru Hiztegia/Diccionario Labayru eta Hiztegi Fraseologikoa biltzen dituen webgune berean. Gainera, bilaketak ahalbidetzeaz gain, herritarren parte har-tzea ere sustatu nahi du fundazioak. Zentzu horretan, lokuzio edo esamolde berriak bidaltzeko eta zuzenketak egiteko aukera eskaintzen du, webguneko foroaren eta formularioen bidez.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du, BBK Fundazioak lagunduta. Josune Ariztondo Kultura diputatuak gisa honetako ekimenak “hizkuntza bakoitza bere testuinguruan eta kultura propioan kokatzeko” erreminta baliotsuak direla aipatu zuen. Zentzu berean, Jokin Azkue Eusko Jaurlari-tzako Euskara Sustatzeko zuzendariak hiztegiaren izaera “berritzaile eta erabilgarria” nabarmendu zuen, euskaldun guztiei bertara jotzeko gonbidapena zabalduz.

“Euskaldun berrientzako ezinbesteko tresna ere izango da, hizkuntza hobeto ulertarazteko”, aipatu zuen Leire Aragonek, BBK Fundaziotik.