BILBO - Lekeitiotik Madrilera egin zuen jauzia aspaldi Miren Pastorrek (Lekeitio, 1985), kresaletik porlanera. Baina hantxe garatu du bere afizioa, ofizio ere bihurtu dena, denboraren poderioz: argazkilaritza. Gasteizko Amárica aretoan erakutsi ditu bere azken lanak egun hauetan, eta bere obra (Bidean) Frantziako Levallois Sarietan hautatu dute, 15 onenen artean (600 lan aurkeztu dira aurten).
Gaur egun, Blank Paper argazki eskolan dihardu, irakasle lanetan, eta horrekin batera bere proiektu pertsonalak bideratzen ditu. Momentuz, bi: Bideak 2014 eta Bideak 2015. Biak dira argazki-liburuak, bere horretan balio artistikoa dutenak, egileak azaltzen duen legez. “Osagai asko dituzte liburu hauek, eduki osoa baloratzen dut eta nire lan prozesua erakusten dute. Gainera, maketazioa, papera, azaleztapena, tamaina, inpresioa, edizioa,... dena da garrantzitsua, eta lan-talde oso baten esfortzua dago hor”. Lan-taldeak berak bermatzen du, neurri batean, argazki-liburuaren kalitatea.
Baina, zergatik aukeratu bide hau norbere lana ezagutarazteko eta ez erakusketa bat, urteetan ohikoa izan denez? Pastorrek argi dauka: “Alde batetik, ikasi dudan Blank Paper eskolan oso present dagoen formatua da; hasieratik, ikasten hasten garenean, argazki-liburuetan oinarritutako adibide pilo bat ikusten ditugu. Eta hortik aurrera hasten zara zeure proiektu propio bat eraikitzen, edo irudikatzen, behintzat. Azkenean, argazki-liburua arte-lana da eta nire proiekturako erreminta ere bihurtzen da”.
erraztasun ugari Liburu bat publikatzeko dauden aukera ani-tzak ere azpimarratzen ditu lekeitiarrak: “Erraztasun asko dago. Lehen erakusketa egitea zen normalena, eta hortik ateratzen zen katalogo bat, baina gaur egun alderantzizko bidea egiten dugu argazkilariok. Eta argazki-liburuak bestelako ate batzuk zabaltzen dizkizu: esaterako, lehiaketetan parte har dezakezu, argazki-jaialdietako ateak zabaltzen dizkizu...”.
Argazkilari askorentzat azken urteotan bizi dugun krisialdia pizgarri aproposa dela dio Pastorrek: “Edizioa asko merketu da, baina, horren gainetik, paternalismoa alde batera utzi eta geure kontura gauzak egiteko gogoa eta grina zabaldu da argazkilarien artean, eta bost urtetan ikaragarria izan da gorakada Estatu espainiarrean; kalitate handiko lanak egin dira eta egiten ari dira. Momentu polita bizi du argazkigintzak, eta gauzak egiteko unea da”.
Miren Pastorrek 15 eurotan saltzen du Bidean saileko liburu bakoitza. Ez da garestia, atzean zer nolako lana dagoen ikusita. “Fanzine itxurakoa da, enkuadernazio sinplea dauka, baina inprimatze onena. Badira liburu garestiagoak, 40-50 eurotan saltzen direnak, eta gero harribitxiak, enkanteetan saltzen direnak”.
Bidean prozesuan edo aldatzen ari den zerbait da, egilearen esanetan: “Nerabezaroan zentratuta dago lehen liburua, 2014koa, eta nerabezaroan bizi diren aldaketak islatu nahi izan ditut hor. Proiektua antolatu eta etapak markatu nituen lan horrekin, eta aurten bigarrena aurkeztu dut, Dalpine argitaletxearen eskutik. Azken hau liburu modura ahal da ikusi edo irakurri, baina zabalduz gero erakusketa bezala ere antola daiteke. Mosaiko bat sortzen da proiektuko irudi nagusi edo errepresentatiboekin, eta nerabezarotik ateratzen zarenean dituzun sentsazioak agertu nahi izan ditut bertan. Jakina, proiektuak jarraipena izango du ondorengo urteetan”.