BILBO - Azkuna Zentroak erakusketa berria inauguratu du aste honetan. Erakusketa honek María Luisa Fernández (Villarejo de Órbigo, León, 1955) artistaren lana bere osotasunean ezagutarazteko asmoa du, eta horretarako egileak era askotako marrazki-, eskultura- eta instalazio-multzoak jarri ditu harremanean, orain arte atzera begirako erakusketa batean egon gabeak.

Lanak, 1979tik 1997ra bitartean eginak, Artista ideal baten figurara egindako hainbat hurbilpen eta saioren artekoak dira. Gai hori eskultorearen produkzioan ageri da 1997ra arte, hau da, banakako azken erakusketa egin zuen arte; horren ostean, jardun barik egon zen luzaroan.

Erakusketak Je, Je?Luna izenburua darama eta Beatriz Herráezek hartu du bere gain komisario lana. Irailaren 13a bitartean egongo da ikusgai.

CAV (Comité de Vigilancia Artística) taldearen garaiko piezekin hasten da erakusketa. CAV kolektiboa arte-enpresa gisa sortu zuen Fernándezek, Juan Luis Morazarekin batera, eta martxan egon zen 1979tik 1985era; taldeak modu kritikoan hausnartu zuen lanak aurkezteko mekanismoei edota arte garaikidearen sistemari buruz. Mitos y delitos bezalako erakusketetan parte hartu zuenetik, taldearen siglak Euskal Eskultura Berria (EBB) izenekoarekin lotzen da. Bilbon bizi ziren zenbait artistak eratutako EEB kolektiboa erreferentea izan zen 80ko hamarkada markatu zuten artearen inguruko eztabaidetan.

Garai harekin eta eszena jakin harekin izandako elkarrizketetan daude kokatuta erakusketako lanak. Lehenbizi kolektiboaren barruan, eta, desegin eta gero, banaka, hainbat lan-serie egin zituen Fernándezek. “María Luisa Fernándezen lanek era askotako hizkuntza artistikoak hartzen dituzte, hala kontzeptual eta minimalismoko postak, nola Euskal Herriko eskulturaren tradizioko elementuak, artistak Euskal Herrian jaso baitzuen prestakuntza”, agertu dute Azkuna Zentroko arduradunek.

hitz-jokoak eta kritika Bere piezetan, ohikoak dira zentzu bikoitzak eta hitz-jokoak; eta, era berean, kritika eransten die artearen historiako kontakizun ofizialei, kontakizun ofizial horren interpreteen arrastoa suma baitaiteke bere lanetan.

Laurogeiko hamarkadan, autore-tza, ahalegina edo genius loci bezalako nozioak berreskuratu ziren eta eragina izan zuten. Fernándezek arretaz begiratu izan dio eragin horri, eta nozio horiek zalantzak jartzen ditu etengabe bere lanetan. Bestalde, bere piezetan, artistak arazo bihurtzen ditu Joseph Beuys eta Carl Andre gisakoen irudikapen anti-autoritarioen paradigmak. Testuinguru horretan, Fernándezek dioenez, “zerbait ikusgai izateko” ekoizteaz gain, “behatuko digun zerbait eta beha-tzeko zerbait izateko” lan egin daiteke. Hala, Artistas serieko modelo alternatiboak egin zituen, eta erakusketan autoritate-figuren erretratuen aurrez aurre jarrita daude.

Fernándezek Nafarroako Unibertsitatean egin zuen banakako azken erakusketa, 1997an. - A. García