BILBO. Fundación Tony Manero eta Makala Jazz Funk Band taldeek euren disko berriak aurkezteko kontzertua eskainiko dute ostegun honetan, maiatzaren 28an, Bilboko Kafe Antzokian, iluntzeko 21:30etik aurrera.
Ateak 21:00etan irekiko dira, eta sarreraren prezioa 12 (aurretiaz) eta 15 (egunean bertan) euro da, aretoko arduradunek jakinarazi dutenez.
Horrela, Fundación Tony Manero taldeak "Superficial" izenburuko disko berria aurkeztuko du. Lan honetan 1980ko hamarkadako disko soinua eta elektro-funk aurki daitezke.
Festa giroa eta dantza egiteko musika da, "sintetizadore garratz, piano digital, erritmo-kutxa primitibo eta haize siku eta zorrotzeko riffez betetako hamar abestitan".
Bestalde, Makala Jazz Funk Band DJ Makala zarauztarraren egitasmo berria da. Taldea musikari eskarmentudunek osatzen dute: Antxon Sarasua (teklatuak), Ander Zulaika (bateria), Oihan Lopetegi (ahotsa), Martin Asarian (gitarra) eta Mikel "Makala" Unzurrunzaga (baxua). 1950 eta 1960ko hamarkadetako jazz eta rhythm'n'blues doinutik hasita 1970eko hamarkadako groove funk eta disko soulera entzun daiteke euren errepertorioan. Udaberrian "Xake!" izeneko bere lehen lan luzea plazaratuko du.