donostia - “Amets borgiano bat bezalakoa da, nire liburu guztiak bilduko dituen liburu bat”. Halaxe mintzatu zen atzo Karlos Linazasoro idazlea, Literatura hiztegi tekniko laburra (Elkar) liburuaren aurkezpenean, eta bere literatura ikusteko moduaren konpendio bat dela gaineratu zuen, hiztegi bat hori guztia biltzeko modu egoki bat iruditu baitzaio. Izenburuak iradoki dezakeenaz urrun, lan literarioa da, ehun erreferentzia inguru biltzen dituena, baina definizio teknikoetatik azkar urruntzen da. “Genero batzuek nire barneko piztia atera-tzen dute, nik daukadan okerrena, etas beste batzuek, aldiz, nire samurtasuna; Sekula ez naiz ni, beti beste bat naiz”, adierazi zuen filologo eta bibliotekari tolosarrak. Ildo berean, liburuan Linazasoro guztiak agertzen direla erantsi zuen, umoretsua, poeta, filosofoa eta ironikoa, esaterako. “Testu gehienak oso laburrak dira, Nouvelle hitzaren barruko adibidea da luzeena, dudarik gabe, 80 orrialde inguru ditu eta”, aipatu zuen idazleak.
“Liburu hau idatzitakoan jubilatu egingo nintzela pentsatu nuen hasieran, edo ziklo berri bati ekingo niola, baina ez da hori gertatu, hau baita egiten dakidana”, onartu zuen Linazasorok, eta lanean jarraitzeko jada ohar asko bildu dituela azaldu zuen.
edukia eta estiloa Lan berriaren edukiari buruz hitz egiteko, Ibon Egaña literatur kritikaria eta Harkaitz Cano idazlea izan ziren aurkezpenean. “Linazasoro aforismogilea ageri da, adibidez, aforismo, musurismo, poetika eta hainbat hitzen barnean, betiere adibidez betetako azalpenak ematen dituelarik”, adierazi zuen Egañak. Bestalde, filosofiara eta txisteetara ere jotzen duela gehitu zuen. “An-tzerkigilea dela ere erakusten du, genero dramatikoa askotan presente dago, eta poeta ere bada, beste idazkera mota batzuek ukitzeko ai-tzakia eman baitio”, jarraitu zuen Egañak. Hala ere, Literatura hiztegi tekniko laburra irakurtzen duenak, gauza gehiago aurkituko ditu bertan kritikariaren ustetan: “Genero fantastikoaren onena du, ipuin ugari, luzera ertainekoak eta mikroipuinak, eta metaliteratura eta metafikzioa, besteak beste”. Gainera, umore desberdin asko biltzen dituela esan zuen. “Ironia dauka, eta beste batzuetan, algarak atera zaizkit liburua irakurtzerakoan”, aitortu zuen Egañak.
Bestalde, Harkaitz Canok ere liburua aztertu zuen atzo. “Badauka indar denabiltzaile bat, lehenengo eta azkeneko liburuek izaten dutena”, azaldu zuen, baina batez ere, literatura dela argitu zuen. “Ba-tzuetan eusten die definizio teknikoei, baina gehienetan hirugarren lerrorako utzi ditu teknizismoak”, adierazi zuen. Edukiari dagokionez, hainbat testu mota nabarmendu zituen Canok. “Adibidez, atsotitzek euren lekua daukate liburuan, eta Linazasorok bere iritzia emateko moldatu ditu”, esan zuen. Bestalde, antzerkiak garrantzia handia du. “Pertsonaien arteko hizkera ezinezko hori erabat eraginkorra da”. “Zati autobiografikoak ere baditu, eta pasarte oso hunkigarriak”.
Estilo aldetik, talka egitea atsegin du idazleak Canoren ustetan, adibidez, Kafka eta El Corte Inglés testu berean sartuz. “Gainera, bere burua saboteatuz, ezustekoak sortu ditu, eta desordenaren bidez, mundua ordenatzeko beste modu bat eskaini du”, baieztatu zuen Canok.