Donostia - Eleberriari ekin aurretik, “aholku bat” ematen die Joan Mari Irigoienek irakurle gazteei hasierako atarikoan: “Ez zaitez botereaz fida”. Izan ere, Pistolak eta epistolak (Elkar) izeneko azken liburuan idazle altzatarrak “boterearen gehiegikeriak salatu ditu, parodiaren eta ziriaren bidez”. Gazteentzako nobela da, Elkar argitaletxeak Taupadak bilduman kaleratutakoa. Xabier Mendiguren editoreak na-barmendu duenez, liburu “politikoa” da eta gazteen “haserrea” pizteko idatzi du egileak.

Urunia izeneko hiriburuan kokatu du istorioa. Fantasiazko hiria da baina, aldi berean, oso erreala. Alde batetik, alkate megalomano bezain autoritario bat agertzen da, don Pedro Aizcorreta Sanz, udaltzainburu eskumakila alboan duela; bestetik, kalean pintatzen duen gazte bohemio bat, bere txakurrarekin bizi dena eta adineko alargun bat lagun duena. Sinopsiak dioen moduan, “tartean, hainbat abentura barregarri eta gogoeta hausnargarri” dakar-tza liburuak.

Julio Soto bertsolariaren aburuz, “obra ausarta” da benetan, ohi ez bezala, politikarien gehiegikeriei buruz era zuzenean hitz egiten duelako. Halaber, nobela “berezia” ere badela uste du, batez ere “gaiak kokatzeko” erabili dituen ideiengatik; esate baterako, Uruniako Poliziak robotak eta bideokamerak erabiltzen ditu alkateak gustuko ez dituen pertsonak jazartzeko, besteak beste, beltzak, sudakak, ijitoak, arloteak, homosexualak eta euskaldunak.

“Oso liburu indartsua da, irakurleari esaten dio: Haserre adi! Elkartasuna, lana, sumindura eta konpromisoa agertzen dira. Mahai gainean kolpe bat eman eta lo dauden kon-tzientziei zaplastako bat ematen die”, dio Sotok. “Esnarazte” hori lortu ez ezik, Irigoienek “egoerari buelta emateko” tresnak ere proposatu ditu, eta bertsolariaren irudiko, kultura ager-tzen da “itxaropen zirrikitutxo” gisa. Baina ez literatura edo margolaritza -protagonista artista da-, kultura zentzu zabalean baizik: “Obra honek erakusten du norberak landu behar duela beste begirada bat”.

Egileak berak laburtu zuenez, “barruko malaostiak” bultzatuta ida-tzi du Pistolak eta epistolak. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente zenean ekin zion istorioa idazteari, baina azken ukituak duela gutxi eman dizkio. Mendigurenek azaldu duenez, Foru Erkidegoko agintariek azkenaldian eginiko “gehiegikeriak” aintzat hartu ditu Irigoienek lan berrian.