BILBO - Bilboko Barreak iluntze gogoangarria bizi izan zuen herenegun. Batetik, Lionel Shriver idazle estatubatuarra elkarrizketatu zuen Rodrigo Fresán kazetariak, eta, bestetik, Serrat kantautorearen eta Forges marrazkilariaren arteko solasaldi polita antolatu zuten Bilboko BBK Aretoan. Gidoiari muzin eginez, Serratek ez zion elkarrizketarik egin Forgesi. Esan daiteke guztiz kontrakoa suertatu zela: Serratek ez zeukan kazetari lana egiteko asmorik.

Filosofia astindu zuten biek solasaldiaren hasieran. Forgesek “zabaletara” bizi behar dela esan zuen, “ez luzetara, bizitzak zabala behar duelako izan, hori da inportanteena”. Hau da, laburra edo luzea izan, mamitsua izatea dela garrantzitsuena. “Interesgarria, oso interesgarria”, erantzun zion aspaldiko lagunak, begiak mozoloarenak bailiran.

Eta pentsamendutik ekintzara egin zuten jauzi. “Egunero marrazki bat egitea ez da erraza izango, ezta?”, bota zion estreinakoz Serratek. “Ez da batere zaila”, erantzun besteak. “Edonork egin dezake hori, paper zuri bat hartu eta egunean pare bat ordu eginez gero, aste betean egin duzu txistea. Baina ariketa hori oso jende gutxik egiten duenez, badirudi zaila dela”.

Serratek erdi zozotuta begiratzen zion. “Erretratatzen gaituzu zure irudiekin, seguru edozenbat kontzien-tzia suspertu dituzula zure bokadiloetan jarritako hitzekin, esaldiekin, eta hori bai dela garrantzitsua. Hori hor geratzen da”. Eta marrazkilariak ihardetsi: “Marrazten dut, txarto, baina marrazten dudanean kantatu eta txistua jotzen dut. Badakizu zer kanta-tzen dudan? Noren kantak? Zureak. Horrek bai badaukala garrantzia”.

Gero, inspirazioaren itsaso zabalean murgildu ziren. “Klabea badakizu zein den?”, botatzen zion Forgesek: “Erredakzio batetik ez ager-tzea. Askatasuna ematen dizu horrek”. Eta Serratek, bere esperien-tziatik: “Inspirazioa baino, zentzumenak adi izatea da inportanteagoa, kalean esaten denari adi, eta gero horretaz jardun. Goitik datorren inspirazioaren zain egon gabe”.

Serratek ez zeukan entrebistatzaile trazarik, eta harahonaka ibili zen, bere bizitzako anekdotak eta galdera inozo samarrak tartekatuz, baina naturaltasun osoz. Horrela, elkarrizketa behar zuenak, solasaldi patxadatsuaren itxura hartu zuen, eta jendeak eskertu zuen ordu betez biek erakutsi zuten berezko xarma hori.

Bartzelonan gertatu pasadizo surrealista kontatu zuen Forgesek, Franco lanean jarri zuenekoa, Borges idazlearekin nahastu zutenekoa... Serratek, ordez, zaletuekin suertatutako kontuak aletu zituen. Biek onartu zuten gehienetan maitatuak sentitzen direla, tarteka “astunen bat edo beste hurbiltzen zaigun arren”.

Amaitzeko, Athletic-eko jokalariek sinatutako kamiseta oparitu zioten Forgesi, eta argazkia atera zuten kamisetarekin, oholtza gainean bertan. Serratek mesfidati begiratu zion trapu zuri-gorriari: “Hau jakin izan banu, Realeko nire lagun bat gonbidatuko nuen”.