Ea - Egutegian leku sendoa lortu duela berretsiz emango zaie amaiera gaurkoan Eako Poesia Egunei. Aurreko urteetan baino jarraitzaile gehiago izan ditu ekimen honen hamaikagarren edizioak atzo eta herenegungo saioetan, eta gaur ere beste hainbeste gertatzea aurreikusten da.

Azken jardunaldia Arestiren oroi-tzapenarekin hasiko da. Iratxe Retolazak eta Danele Sarriugartek idazle bilbotarraren imajinario poetikoa eta genero eraikuntzak gogoratuko dituzte Eskolondon -11:00etatik aurrera-, gizonari geldi-arazitzeko bertsoak aztertuz. Ezagun da Eako hitzordu honek begirada berezia eskaintzen diola Arestiri, ostiraleko estraineko jardunaldian ikusi zen bezala. Han joko-jolas polita osatu zuten Laura Mintegik eta Karmelo Landak Harri eta Herri lanak 50 urte bete dituelako aitzakian, eta Eskolondo txiki geratu zen hurbildu ziren jarraitzaileak hartzeko.

Arestiz gain, beste hainbat poetari gorazarre egin diote Bide Ertzean taldekoek euren kantu ibilbidean eta horixe islatuko dute gaur eguerdiko 13:00etan herriko moilan. Jose Luis Otamendi, Mikel Ibarguren, Iñigo Aranbarri, Jon Benito, Itxaro Borda, Kirmen Uribe, Koldo Izagirre edota Joxean Artzek taldean utzitako arrastoaren erakusgarri izango da Kantu bat zure minari saioa, Eako Poesia Egunetarako bereziki prestatu duten kantaldi akustikoa.

Azken errezitaldia Natxituko bolatokian izango da, arratsaldeko 17:30ean, eta bertan Mikel Ayerbek eta Iñigo Astizek eszenarako birziklatu dituzte bigarrenaren Baita hondakinak ere liburuko poemak. Musikaren laguntzarik gabe, an-tzerkiaren, poesiaren eta bideoen bitartez ikus-entzunezko hibrido bat osatu dute Hondakindegia saioan.

Amaitu aurretik, ordea, aurreneko bi jardunaldietako balantze ezin hobea egin dute antolatzaileek. “Ikaratuta gaude, gero eta jende gehiago dator”, aipatu zuen Asun Landak. Poesia Egunek “nahasketa kuriosoa eskaintzen dute: herrigintza, natura? Urtero sendotzen doa”, goraipatu zuen. Poesia agertzeko erak ere badu zerikusia arrakasta honetan, eta ez bakarrik agertoki bereziengatik, eszenaratzeko moduagatik ere. “Imanol Epeldek rap erara hurbildu zituen Bernat Etxepare, Axular edota Miranderen testuak, euskararen literatura modu modernoan erakutsiz; guk modu berritzailean egin gura dugu”, zioen Landak.

Eako hitzorduaren garrantziaz jardun zuen Koldo Izagirrek ere. Idazle pasaitarrak “Parisen bizi naiz” bere lanaren errezitaldia egin zuen Talako paraje zoragarrian ehun bat lagunen aurrean, eta Eako hitzordua “erreferentzia leku bat bihurtu” dela onartu zuen. “Gure letretan ez daukagu biltzeko toki asko, tamalez, eta jendea pozik etortzen da. Durango feria handia da baina hemen beste patxada bat dago, afinidade batzuk sor litezke, elkarrekin egoteko eta lanbideaz jarduteko astia dago”.