jolas bat bailitzan, tribu ezberdinetan antolatutako talde bik danborrekin sortutako elkarrizketa sutsua jartzen dute martxan. Helburua ez da bakarrik kulturen arteko bestelakotasunak jasota uztea, baizik eta aditzera heltzea. Zeregin horretan, publikoari eskatzen zaion parte hartzea erabatekoa da, kalearen jabegoa herritarrena dela aldarrika-tzen duen eszenaratze ikusgarriaren bidez. Eta ez da hutsala ikuskizun burrunbatsu honen handitasuna nabarmentzea; izan ere, Lekeitioko Kale Antzerkian gaur eta bihar gaueko hamabietan aurkeztuko den Danbor Talka-Le Choc des Tambours Euskal Herrian inoiz egin denik eta koprodukziorik garestiena da -300.000 euroko aurrekontuarekin hainbat erakunderen babesa jaso du proiektuak-.

Asmo handiko honako ikuskizuna bertoko Deabru Beltzak eta Akitaniako Les Commandos Percu konpainien arteko elkarlanari esker eraman da aurrera, bi lurraldeetako jaialdiren ekimenez -Lekeitioko Kale Antzerkia eta Libourneko Fest’arts-. Duela 26 hilabete proposatu zioten enkargua Garbitxuri, euskal konpainiaren zuzendariari, eta, ordutik, etengabe dihardute lanean talde frantsesarekin antzezlana prestatzen. “Talde biak elkartzea ez da batere erraza izan, datak gorde behar izan ditugu eta egutegiak egokitu lana sorrarazteko”, adierazten du Deabru Beltzak konpainiaren buruak. Ahaleginak ordainsaria izango du hemendik aurrera, Bizkaiko kostaldeko herrian aurkeztu ostean Frantziatik zehar egingo baitute udako tourra.

Garbitxuren esanetan, Danbor talka, “izenak esaten duen bezala, perkusioa eta sua nahasten dituen ikuskizuna da”. Ordu beteko gaueko emanaldi honetan, 12 artistek -bi teknikariren laguntzarekin- pirotekniaren ikusgarritasuna danborren zaratotsarekin gurutzatuko dute mugimendu biziko eszenaratzearekin. “Perkusioa oso fina da eta su artifizialak izugarrizkoak”, deskribatzen du Deabru Beltzak taldearen zuzendariak. Ikuskizunaren munta norainokoa den kalkulatzeko ez du bitxikeria makala planteatzen: “Piroteknian bakarrik 7.000 euro gastatzen ditugu saio bakoitzeko; hau da, Bilboko jaietan izaten diren su artifizialetan eguneko gastatzen dena baino gehiago”.

Taldeen arteko su bateratzaile handi hori norgehiagoka sinboliko baten bidez piztuko duten energia komunaz sortua izango da. Hori lortzeko, argi eta garbi bi zati ezberdindutan banatutako saioan oinarritu dute ikuskizuna. Lehenik eta behin, bi tribuak -6 piroteknia-musikarirekin osatukoak- aurrez aurre ipiniko dira jolas bat planteatuz; gutxinaka, kolore ezberdinekin jantzitzako bi taldeetako partaideak hurbilduz joango dira. Lehia kaleetan zehar jazoko den ibilaldiaren bidez gauzatuko dute, publikoarekin nahasten diren bitartean. Ondoren, eszenatoki batera igo eta talde bien arteko batasuna antzeztuko dute. “Musikarekin jendearen iraultza eragin nahi dugu, gure guda antzeko horretan inplikatu daitezen”, argitzen du Garbitxuk.

konexio ederra Deabru Beltzak eta Les Commandos de Percu konpainien arteko aditzea erabatekoa izan da. “Eurek adituak dira estatikoan eta gu, berriz, mugikorrean; bi berezitasunak tartekatuz ikuskizun berezia sortzea lortu dugu”, azaltzen du Garbitxuk. Hala ere, bi taldeek ezaugarri antzekoak dituztela dio, eta, horregatik, beharbada, ondo uztartu omen dituzte: “Kimika polita sortu da, nahiz eta azken asteak lehergarriak izan diren, jendea ilusioz ikustea eragingarria da”. Ez da gutxiagorako. Han eta hemen sorkuntza egoitzetan egin baitituzte saioak; Bilbon eta Lekeition, baita Bresten, Libournen eta Tolosa Okzitanian ere. “Azkenerako familia handi bat bihurtu gara”, aitor-tzen du.

Entseatzeko gaztelera, ingelesa eta frantsesa erabili arren, ikuskizunean erabiliko dituzten hitz gutxiak euskaraz izatea adostu dute, emanaldiak transmititu nahi duen kultur aniztasunaren seinale. Pluraltasun honen erakustaldia gaur hasiko da, udako birari ekingo baitiote Lekeition. Ondoren, ibilbide luzea izango dute, Frantziako hainbat hiritan ere arituko baitira. Erronka polita ere badute aurretik, printzipioz 2.000 ikusleren-tzako prestatutako saioari sekulako buelta eman beharko baitiote: irailaren 14an 30.000 pertsonen aurrean aritu beharko baitira Belgikan. “Beldurrik gabe” ekingo diote apustuari.

Lekeitiora hurbiltzeko aukerarik ez duenak datorren urtean izango du beste parada bat. Izan ere, Bilboko Kalealdian eta Gasteizko Kale An-tzerkian arituko direla argitzen du Deabru Beltzak-en buruak. Momentuz Danbor Talka ikuskizunarekin burubelarri egon arren ez dute aterik itxi nahi: “Koprodukzio gehiago etorkizunera begira? Zergatik ez?”.