Literaturaren “ikuspegi dinamiko eta parte hartzailea” sustatuko da Ean
Uztailaren 11tik 13ra euskarazko poesiaren hiriburu bihurtuko da Bizkaiko kostaldeko herria
BILBO - Hamaika eta bat Ea poesiari. Lelo edo lema biribil honekin abiaraziko dira aurtengo Poesia Egunak kostaldeko herri zoragarrian. HEAk (Herrijeri emon arnasa) eta Gabriel Arestiren Etxeak antolatuta, ekitaldiz josita dator egitasmoa. “Literaturaren ikuspegi dinamikoa eta parte hartzailea sustatu nahi dugu, betiko legez”, esan du Asun Landak HEAren izenean. “Aniztasunean eta elkarlanean oinarrituta daude Eako Poesia Egunak, eta hori ez da aldatu aurten ere. Molde finko eta lotuetatik ihes egiten dugu beti, gurean egiten diren gauza desberdinak erakutsi guran”, azpimarratu du. “Formatu txikia da gurea -gogoratu du- baina plaza hau eskaini nahi diegu sor-tzaile desberdinei, pentsamendu eta lan berriei bide emanez. Hiru egun horietan poesiak du lehentasun osoa”.
Honela, uztailaren 11tik 13ra bitartean, poesiaren hiriburu bihurtuko da Ea, eta bertan elkartuko dira dantza, musika eta hitza, guztiak poesiaren menera. Ekitaldi ugari izango da hiru egunez, baina antola-tzaileek bizpahiru nabarmendu dituzte. Batetik, Gabriel Arestiri eskainitakoak. “Arestiren etxeetako bat izan zen Ea, eta horregatik berari eskainitako hitzaldi batekin hasiko dira Poesia Egunak; ondoren, Gabrielen Lekua ikuskizuna dastatzeko aukera edukiko dugu”, aurreratu dute antola-tzaileek. Arestiri eginiko keinua ez da hor amaituko. Igandean, Iratxe Retolazak eta Danele Sarriugartek Arestiren imajinario poetikoa eta genero-eraikuntzak aztertuko dituzte, goizeko 11.00etatik aurrera.
Parte hartzaileen zerrenda ez da hor agortzen. Ean izango dira, besteak beste, Koldo Izagirre, Iñigo Astiz eta Mikel Ayerbe, Imanol Epelde eta bere Etxepare Rap, Joseba Irazokiren “anabasa neurtua”, Eider Rodriguez (Sarrionandiaren itsasoez berbetan), Felipe Juaristi, Jule Goikoetxea, Luis Garde, Bide Er-tzean taldea edo Laida Azkona dantzaria. “Ez galdu Azkonaren ikuskizuna; Laida Euskal Herrian ikusteko aukera gutxi izaten da, eta izugarri ederra da guretzat prestatu duen pieza, Mu-to izenekoa”, ohartarazi du Castillo Suarez poetak.