bilbo - Hezur zati bat hartu, hustu, hiru zulo egin eta putz bizi batekin nota gutxi batzuk lor daitezke. Harrigarria. Gure arbasoek aspaldi deskubritu zuten kontua (27.000 urte inguru dituen Isturi-tzeko flauta lekuko), eta ordutik gure artean izan da soinu tresna sinple bezain txundigarria: txirula. XVIII. mendean, Peñafloridako kondeak eta bere inguruko ilustratu zenbaitzuk bultzatuta, hauspoa hartu zuen soinu tresna zaharrak: moldatu egin zuten (gaur egungo txistuak duen itxura hartu zuela), plazetatik atera eta gortera eraman zuten, txistuarentzat beren-beregi egindako partiturak sortu ziren, bestelako aldaerak asmatu (esaterako, silbotea)... Eta gaur egun Euskalduna Jauregian entzun daiteke, papar-uso, beste soinu tresna guztiekin nahasita, modu natural eta txundigarrian.

Ezpata-dantza edo mutil-dantza maneiatzeko erabiltzen den txistu apalak berebiziko garrantzia hartu du urteen poderioz eta bertako musikarien gogo eta esfor-tzuei esker. Bilboko Udal Txistularien bandak ondotxo daki hori guztia, eta beraien buru den Garikoitz Mendizabalek ekimen ugari antolatu ditu bide horri jarraipena emateko. Atzo, ekainaren 28an Euskalduna Jauregian egingo den kon-tzertu eder baten berri eman zuen Mendizabalek, Udaleko zinegotzi Ibone Bengoetxea eta BBK-ko Gorka Martinezen laguntzaz. "Hamar urtetan bide itzela egin dugu, kalejiretan parte hartuz, Udaletxeko protokoloetan, Euskaldunako kontzertuetan... Eta ikusi dugu gero eta jende gehiago hurbiltzen zaigula. Horregatik, XXI. mende honetan txistuaren ahalmena erakutsi nahi dugu, eta horretarako kontzertu izugarria prestatu dugu 28rako. Musikari, kantari eta dantzari ugari izango da oholtza gainean, Euskal Herriko 50 txistu irakasle etorriko dira, Kantika korala ere bai, Los Cinco Bilbainos, jendeak kantatu egingo du... Izugarria izango da, txistuak ikuskizun handia eman dezakeelako", agertu zuen Mendizabalek.

Ibone Bengoetxeak txistulariaren berbak azpimarratu zituen, esanez "kontzertu oso berezia" izango dela. "Gure txistulariek badakite zer den Euskaldunan jotzea, baina oraingoan larunbatez egingo dute, kontzertu handietan gertatzen den legez. Bihotzarekin antolatutako kontzertua da, modernoa eta herrikoia, eta, zelan ez, parte-hartzailea", esan zuen zinegotziak. Bilboko Txistularien banda munduko danbolinteroen elkarte profesional bakarrenetakoa dela gogorarazi zuen Bengoetxeak, hain zuzen, "Erdi Aroan musika jole eta juglareen udal taldeak izan zirenaren lekuko bizia". Antzina juglare esaten zitzaien, azkenaldian txistulariak ditugu.

Kontzertua iluntzeko 20:00etan hasiko da, eta zuzenean grabatuko dute (aurrerago CD bat kalera-tzeko asmoa dago). Gainera, artista ezagun ugariren laguntza izango dute txistulariek, tartean Eñaut Elorrieta, Andoni Egaña edo Kepa Junkera izango direla.