dOnostia - Jakinek aldaketak dakartza, baina etenik ez du izango, jarraipena emango baitio talde berriak 58 urteko bideari. Atzo arratsaldean Hernaniko Orona Ideo Berrikuntza Gunean egindako aurkezpen ekitaldian, azken 37 urtetan zehar zuzendari izan den Joan Mari Torrealdaik talde berria aurkeztu zuen. Hemendik aurrera, Lorea Agirre izango da zuzendaria, eta taldea Haizea Barcenilla arte komisario eta kritikariak, Harkaitz Cano idazleak, Xabier Eizagirre kazetariak, Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoak, Patxi Juaristi soziologoak, Joanmari Larrarte Berriako marketing eta publizitateko arduradunak, Maialen Lujanbio bertsolariak, Imanol Murua kazetariak, Andoni Olariaga filosofoak, Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariak, Gexan Sors Elkarreko marketing zuzendariak eta Eguzki Urteaga soziologoak osatuko dute.
Hauek sorkuntza, soziologia, komunikazioa, antropologia, artea, liburugintza eta filosofia eremuetatik datoz, guztiak euskal kulturgintzan lanean dihardutenak. Talde berrian Joan Mari Torrealdai ere izango da, azken 37 urtean Jakineko zuzendari izan dena, orain fundazioaren lehendakari izango delarik.
Ikerlaria Lorea Agirre (Beasain, 1968) kazetari eta antropologoa da, Informazio Zientzietan lizentizatua. Euskaldunon Egunkarian, Berrian eta Argian aritu da lanean, baina mundu akademikoan ere esperientzia du. Mondragon Unibertsitateko irakaslea izan da eta bertako Sorguneak ikergunean ikerlari bezala aritu da. Bestalde, Gezurra ari du. Egunkariaren itxieraren kronika liburuaren egilea da, eta Rosa Luxemburg eta Joxemi Zumalaberi buruzko biografia bana idatzi du.
Agirre urte honen hasieran izan zen Jakinen zuzendari izateko hautatua. Hasieratik erronka onartu nahi zuela jakin zuen arren, astebete itxaron zuen erantzuna eman baino lehen.
Jada bere burua aurkeztuta, proiektua ilusioz hartu duela esan zuen, eta talde berriarekin lanean hasteko gogo handia zuela aitortu zuen ere bai. "Proiektu honetan sinesten dut; uste dut Jakin badela nire tokia", adierazi zuen atzoko ekitaldiaren ondoren.