bilbo. Bere lanik ezagunenen artean dago Zaldibarko Herri Kondaira Koadernoak zenbatzen dituen 30 zenbakiak. Horregatik baino ez bada, Balendin Lasuen Zaldibarri buruz gehien dakien pertsona dela esan ohi da. Edonola ere, bere jakingura amaiezina da eta, oraindik, lanean jarraitzeko gogotsu ageri da. Honako garai zailen aurrean baikortasunez ageri da, iraganeko beste hainbat krisialdi ere gainditu direla adieraziz.

Profil polifazetikoa duzu, hainbat gai jorratu baitituzu zure ibilbide oparoan zehar. Zein da gehien atsegin duzun alorra?

Zaila da. Bost elkartetan nago: Aranzadi, Eusko Ikaskuntza, Gerediaga, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Zaldibarko Koral Elkartea. Azken hau nik sortu nuen eta horregatik, beharbada, berezia da. Baina besteak ere maite ditut.

Erretiroa aspaldi hartu zenuen arren lanean jarraitzen duzu.

Bai, lanean jarraitzen dut, batez ere genealogia arloan.

Genealogia aipatu duzula, nondik uste duzu datorkiola euskaldunari bere sustraiak ezagutzeko irrika?

Antzinako kontua da. Barandiaranek esaten zuen Pirineotakoak garela. Izan liteke. Oso interesgarria da horren ikerketa. Orain dela urte bete amaitu nuen nire zuhaitza, 64 abizenekin. Laugarren aitaren aitarengana joan behar izan naiz. Hortik aurrera oso zaila da, ez dagoelako 1540a baino lehenagoko dokumenturik. Trentoko Kontzilioan hartu zen erabakia izan zen munduko parrokia guztietan hiru sakramentu apuntatu behar zirela: jaiotza, ezkontza eta heriotza. Ikusi izan ditut denak liburu berberean ere.

Euskara eta euskal kulturaren eremuan jorratu duzu beti zure lana, hasi zinetik hona aurrerapen handirik egin dela esango zenuke?

Euskararen aldetik, behintzat, asko. Ez gehiago berba egiten delako bakarrik. Alde bakoitzeko hizkuntza edo euskalki ezberdinak, denak erabiltzen dira: batura premiazkoa izan zen. Geure herriaren bazter bat ezin genuen guztiz ulertu. Niri pasatzen zitzaidan, Iparraldera joaten nintzenean antzerkiak ikustera kosta egiten zitzaidala bertakoekin komunikatzea. Orain euskara batuarekin danok uler gaitezke; horrek aberastu egin gaitu. Baina euskalkiak ere errespetatu eta zaindu egin behar dira.

Gerediaga elkarteko lehendakari izan zinen hainbat urtez, nola ikusten duzu gaur egun Durangoko Azoka?

Gaur egun gauza guztiak dauden bezala: arazoekin. Horiek konpon-tzeko denbora bat beharko du, baina aurrera egingo du. Beti esaten dut: Gerra Zibila ezagutu genuenok badakigu orain ondo ez bagaude, askoz txarrago ere egon garela. Horretan optimista naiz.

Aurten ere joateko asmorik al duzu?

Beti joaten naiz. Normalean hiru egunetan. Aurten ere saiatuko naiz. 8.000 tituluko liburutegia daukat, oso irakurzalea naiz.

Politikan ere ibilia zara hainbat urtez; gaur egun klase politikoak ez du demokraziaren hasieran zuen onespena, desberdinak al zineten zuek?

Oraingo klase politikoak ez du fama onik. Nik urte pila bat egin nuen: Zaldibarko alkatetzan zazpi, Batzar Nagusietako batzarkide bezala zor-tzi eta, gero, Jaurlaritzan gehiago, hamabi urte. Garai hartako oroitzapen onak ditut. Orduan ere, hasieran, diru aldetik gaizki genbiltzan eta planak egin arren ez zegoen ahalmenik aurrera eramateko. Orokorrean begiratuta, ibili nazen toki guztietan egin dudanarekin konforme nago. Disgustu bat edo bi pasatu ditut, baina orokorrean, gustura.

Egindako lanari dagokionez, ba al duzu arantzaren bat kendu gabe?

Erdi egindako lan batzuk ditut, liburu bihurtu ez ditudanak. Esate baterako, bideetan dauden gurutze berezien ingurukoak. Cruces de término de Bizkaia idatzita dut BBK kolekziorako. Jarraian egin nituen Arabakoa, Gipuzkoakoa, Nafarroakoa eta Iparraldekoa, baina ez dauzkat argitaratuta. Herriz herri joan behar izan dut lan hori egiteko eta horregatik esaten dut liburua idazten disfrutatzen duzula, errematea ematen baitiozu lanari. Hori jorratzen duzun denboran, kanpolana oso atsegina da, baita zaila ere.