bilbo

Euskal poemagintzaren muinak ia errotik atera zituen Gabriel Arestik 1964an Harri eta Herri publikatu zuenean. Gaur egun ezagutzen dugun poesia garaikidearen sortzaileak euskal olerkiaren ikuspegi aldaketa ahalbidetu zuen frankismo garaian; besteak beste, konpromiso sozial eta politikoa aldarrikatu zuelako, hizkuntza biziaren aldeko apustu tinkoa sustatu zuelako, Bilbo ikur bezala erabiliz giro hiritarra islatzeko grina agertu zuelako eta bere pentsamendu laikoa defendatu zuelako tradizioari estu lotutako gizarte baten kritikei aurre egiteko beldurrik gabe. Aski ezagunak diren Nire aitaren etxea edo Egia bat esategatik himno dira Arestik hasitako euskal poetikaren iraultzan.

Liburuaren 50. urteurrena bete-tzear dagoela aprobetxatuz, Bilbo Zaharra Euskaltegiak Arestiren obra aukeratu du datorren urteko klasikoen irakurketa jarraitua protagonizatzeko. Ekainean ospatuko den jaialdia gauzatu baino lehen, hainbat hitzaldi prestatu dituzte poetaren figura ezagutarazteko asmoz. Lehenak bihar abiaraziko dira Euskaltzaindiko Bilboko egoitzan. Harri eta Herri liburuakin ekin eta, gerora, jarraipena izan zuen egiteko modu baten ezaugarri nagusiak xehatuko dituzte berbaldi horietan; izan ere, Euskal Harria (1967) eta Harrizko Herri Hau (1970) argitalpenak -horiekin trilogia bat osatu zuen- Arestik hartutako bidea finkatzeaz arduratu ziren.

Poeta bilbotarrak martxan jarritako berriztapena baino lehen, "badirudi Euskal Herrian mantendu egin zela Lizardik eta Lauaxetak eratu zuten poesiaren moldea; errimatua eta izadiari begira zegoena", azaltzen du Jon Kortazar idazle eta irakasle mundakarrak. Gerra aurrean aranistek sortu zuten euskararen garbizaletasunean oinarritutako lexikoaren berriztasuna edo aditz trinkoen erabileraren aurreran, kalean egunero erabiltzen zen euskara klaroa defendatu zuen Arestik. Ez da ahaztu behar 1957an euskaltzain urgazle izendatu zutela eta euskara batuaren sorkuntzan zeresan handia izan zuela poeta bilbotarrak. "Koldo Mitxelenak esan bezala, euskara batua sortu aurretiko lan batzuetan euskara batua erabili zuen Arestik", gogoratzen du Kortazarrek.

Nahiz eta hizkuntzaren erregistro berri bat sortu zuen kaleko hizkera sustatuz, izadiarenganako errespetua erakutsi zuen heinean, Arestik bertsolaritza asko maite zuela argi-tzen du Kortazarrek. Esplizituki azaleratzen du bere joera hori Mungiako Taket deitutako bertsolari bati eskainitako poemetan, esaterako. Baita ere Harri eta Harri liburuaren azkenengo zatian dauden Astepeko sekretarioaren bertso berriak edota Astepeko sekretarioaren bertso zaharrak olerkietan. Hauetan, "kanpotik etorritako pertsona baten istorioa erabiltzen du bere kezkak azaltzeko, bertsolaritzatik gertuago dagoen hizkera pixka bat landuagoan", argitzen du idazle mundakarrak. Poetak Juan Mari Lekuonari aitortu zionez, Zornotza ondoan kokatuta dagoen auzo horretara joandako sekretario kanpotar hori Aresti beraren aitona izan zen.

konpromiso soziala Bere poesian hizkuntzarekin jolasten du, sarritan testu deseraikitzaileak sortuz: adiskide bati bidalitako oharra, aipu literarioak, telegramak... Arestik martxan jarritako hizkuntza berriztatze horrek zerikusia izan zuen kultura hiritarran alde egindako apustuarekin. Harri eta Herri olerkariaren Maldan behera poemarekin lo-tzen den sasoi sinbolista gainditu osteko bigarren aroko obra dela esaten da. Kortazarrek, ordea, hirugarren aldi bat aipatzen du; izan ere, bere esanetan, Arestik ez du salto egiten poesia sinbolistatik poesia sozialera, tartean beste testu batzuk baitaude. Izatez, Harri eta Herri ida-tzi baino lehen ezaugutu zuen Blas de Otero, beregan eragin handia izango zuenak.

Bere mundu ikuskera eztabaidatua izan zen, nazionalismo burgesaren-tzako nagusi ziren ideia batzuk kolokan jarri zituelako. Kortazarrek Souvenir d'Espagne poesia dakar gogora Arestiren justizia grinaz hitz egiterakoan: "Zergatik burjesa egonen da/ museo honetan izenez, laudorioz,/ (Halako konteak eman zuen pintura hau),/ pilotuaren eta marineruaren/ izenak/ hilobi baten gainean ez daudenean?" esanez Bilboko Arte Ederretako museoaren aurrean garai hartan zeuden txaboletan bizi ziren horien bizimodu kaskarren kontra agertzen da poeta bilbotarra. Dudarik gabe, Harri eta Herri-n ekiten dio kapitalismoaren kontrako kritika gogorra egiteari. Nabarmena da, gainera, bere burua komunistatzat agertu ez arren, Arestik bere egin zituela komunismoak erabiltzen zituen zenbait hitz: tovarich (adiskide, errusieraz), esaterako. Bere konpromiso politikoak hainbat ika-mika sutsuren protagonista bilakatu zuen.

tentsio handiak Kortazarren esanetan, poeta bilbotarra tentsio handitan bizi zen gizona zen. Gaur eguneko ikuspegi sozial-demokratikotik urrun zegoen garai hartan ez zi-tzaion batere erraza egin bere pen-tsamendua agertzea; ez bakarrik une zailak zirelako, baizik eta euskaldungoa ez zegoelako bere ideien alde eta, baita, komunismoarekin lotutako usteek ezinikusi asko pizten zituztelako. Idazle mundakarraren iritziz, "Aresti bere euskalduntasunarekin kezkan zegoen euskalduna zen", eta, ardura horrek, ez omen zuen lekurik orduko panorama literarioaren zenbait sektoretan.

Arestik ez zuen, ordea, bere ibilbidea erabateko bakardadean gauzatu. Bidelagun izan zituen bere obran eragin handia izan zuten hainbat idazle, tartean lehenago aipatutako Blas de Otero edota Gabriel Celaya. Baina bere interesetako beste batek, euskal identitatea historiaurrearen arabera definitzeko apetak, alegia, zuzenean lotzen du Jorge Oteizaren hipotesiekin. Ez zion halabeharrez eskaini Profeta bati (Jurgi Oteitzari azaldu nahirik) izeneko poema luzea eskultoreari. Harriaren balio sinbolikoa indartu izanak euskal estetikaren teoriko nagusiaren alde lerrokatu zuen Gabriel Aresti, Oteizaren ideologia neounamuniano bera defendatzeko nahia agerikoa baita Harri eta Herri liburuan.