BILBO. Atzo eta gaur. Bi eguneko maratoia proposatu du Bizkaiko Aldundiak teknologia berriek liburugintzan planteatzen dituzten erronkei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko. Atzo inauguratu zen Liburutekia-ren bigarren edizioa, Kirmen Uribe idazlearen eta Miren Josune Ariztondo Kultura diputatuaren berbaldiekin. Bere hitzalditxoan, ondarroar idazleak teknologia berriek bere obran izan duten eragina aztertu zuen (Bilbao-New York-Bilbao nobelan oso ageriko dena). Arratsaldean, euskal argitaletxeen txanda izan zen, eta Elkarreko Olatz Osak eta Susako Mikel Elorzak teknologia berriek zabaldu dituzten merkatu labankor eta gora-beheratsuei buruz jardun zuten. Merkatu berrien atarian gaudela azpimarratu zuten biek, baina esan zuten datorren sistema hori nolakoa izango den jakiterik ez dagoela. Horren aurrean, zer egin euskal argitaletxeetatik? Osak lau ardatz nabarmendu zituen: "Eskaintza erakargarri bat osatu; jabetza intelektuala zaindu; prezio-politika jabetza hori dutenen esku utzi eta ez teknologia dutenen esku; eta euskal liburugintzatik sistema jasangarri bat proposatu edo sortu (momentuz ez dagoena).

Gutxi edo asko, Elkar zein Susa etorkizuneko balizko sistema hori eraikitzen ari dira, bakoitzak bere ereduari jarraitzen diola. Atzoko solasaldian, Elorzak jabetza morala aipatu zuen, esanez idazlearen-tzat eskubide modelo berri bat asmatzeko premia badagoela. Bere aldetik, Osak adierazi zuen "sistema jasangarri batek ez dituela bakarrik egile eskubideak bermatu behar" eta "euskal liburugintzaren etorkizunean herri administrazioek duten erantzukizuna" gogoratu zuen, bai euskal liburua ekoizterako orduan, baita "ikusgarritasuna" bermatzerakoan.

Gaur, bestelako kontuak aztertuko dira Liburutekian. Eguerdian, liburutegien eta hezkuntza zentroen lana eta elkarren arteko harremana (teknologia berriak ikasleei edukiak eskaintzeko lagungarri diren ala ez). Ondoren, Manuel Ortuño editoreak eta Txetxu Barandiaran pedagogoak Texturas aldiz-kariari buruz hitz egingo dute (liburuaren iraultzarako erreferentziako foroa da). Arratsaldean, irakurlearen figura eta liburutegiek sistema berrietara egokitzeko duten erronkari buruz hitz egingo da.