Lekeitio. Hemeretzi lan profesionalek, 24 amateurrek eta beste bederatzi gehiago 22 urtez azpikoek egindakoek osatuko dute aurtengo Lekeitioko Zine Bileraren egitaraua. Guztira 52 film labur lehiatuko dira azaroaren 26tik 30era bitartean, inoizkorik gehien, eta horrek proiekzio egun gehiago eta azken egunean goiz eta arratsaldeko emanaldiak antolatzera behartu du.
Iragarri bezala, euskaraz egiten den zine emanaldi bakarraren 36. edizioan berrikuntza handiena aurreko kategoria banaketaren desagertzea izango da eta dokumental, sormenezko eta argumentuzko mailak barik, zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, argazkia eta film onenak sarituko dira, maila profesional eta amateurretan banatuta. Aldaketok jaialdiari bultzada emateko asmoarekin egin dituzte antolatzaileek. "Ona izango litzatekeela iritzi diogu, parte hartzea gehitzeko aukera handitzen duelako eta gertatu ahal delako sariak sortzaile desberdinek eramatea, baina baita lan bakar batek sari guztiak eramatea ere, eta, horrela, sari ederra", ohartarazi zuen Joseba Zuberogoitia antolatzaileak.
Parte hartzaileen artean iaz Urrezko Antzarra eskuratu zuen David Bernués iruindarra izango da berriz ere. Desentxufatuak lanarekin garaile ateratakoak Ekaitz Maittia lana dakar oraingoan, sei minututan haurdun dagoen neska baten zalantza eta ikarak agertuz. Berarekin batera arituko dira, besteak beste, Asier Altuna (Ela Trovke), Koldo Almandoz (Deus eta machina), Jon Grande (Kubako altxorrak), Iñaki Beraetxe (Marylin) edota lehen Benito Ansola beka irabazi zuen David Zabala (Napoka Iria, nik ere).
Gazteen artean zinemagintza sustatzeko Ansola beka hauen bigarren edizioan hautatutako Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa izeneko lanaren aurkezpena ere egingo dute Bileran. Maria Elorzak, Maider Fernándezek eta Aitor Gametxok sortutako filma azaroaren 29an jarriko dute ikusgai, 19:30etik aurrera. Ordutegi horretan hasiko dira jaialdiko saio guztiak, nahiz eta azken egunean eguerdiko 12:00etatik aurrera hamaika lan ikusteko aukera ere izango den.
Astean zehar lehiaketaz kanpoko beste hiru lan ere eskainiko dira. Lehena, azaroaren 24an, Mireia Gabilondoren Amaren Eskuak izango da, eta zuzendaria bera eta luzemetraiaren gidoia oinarritzat hartu zuen eleberriaren egile den Karmele Jaio ere han izango dira. Eguerdiko 12:00etan hasiko den emanaldirako hiru euroko sarrera ordaindu beharko da. Lehiaketaz kanpoko beste bi filmak Izaro Gonzálezen 81 Amama eta Urko Olazabalen 24. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia, izango dira.
Azken eguneko arratsaldeko emanaldien ostean emango dira jakitera irabazleen izenak. Ekitaldia Eneritz Artetxe aktoreak aurkeztuko du eta Urtzi Iriondoren musika, Ana Clararen akrobaziak eta Ana Krusa dantza taldearen ikuskizunak batuko ditu Ikusgarri Aretoaren oholtza gainean.