Bilbo. Ideia "guztiz absurdo" batek eraman zuen Arte Ederrak albora-tzera. Horren ordez, Artea eta Dekorazioa ikasi zuen eta hortik publizitatearen arlora salto egin zuen. Iragarkien kulturak hainbat gako eskaini omen zizkion gaur egun ilustratzaile arrakastatsua denari.
Beltz kolorearekiko zure 'ezinikusi' hori gainditu al duzu jada?
Kolore honekin adiskidetzen hasia naiz (kar, kar). Baina lehen ez nuen gorroto, ez zitzaidan gustatzen, besterik ez. Oso gogorra iruditzen zi-tzaidan eta ez nuen erabiltzen nire ilustrazioetan. Azkenaldian, berriz, hasi naiz errotuladore beltza erabiltzen; Eguberria lanean esaterako, beltza ageri da, eta oso pozik nago lan horrekin; nire hurrengo proiektuetako bat zuri-beltzean izango da, beltz hori arkatzarena bada ere... Hortaz, ezin duzu esan hau ez dut sekula egingo. Norbera iritziz aldatzen da beti, eta eskerrak!
Aitortzeko moduko maniarik?
Asko ditut, baina ez ditut kon-tzienteki identifikatzen. Halere, egia da baditudala lan egiteko modu jakin batzuk. Esaterako, nire pertsonaiek beti mantendu ohi dute tamaina eta proportzio bera; hondo txuriak hobesten ditut eta, oro har, elementu minimoekin egituratzen ditut nire istorioak.
Hemendik eta handik irakurritakoari jarraiki, gauzak "era naturalean" etortzea nahiago duten horietakoa zara.
Alderdi batzuetan, nire lanbidean kasu, bai, badirudi maiz behar dudala kanpotik etorritako bultzada. Alegia, iruditzen zait hainbat kasutan hori dela bide bakarra eta zuzena; beste era batera arituko banintz, uste dut nolabait bortxatuko nituzkela gauzak eta emaitza ezberdina litzateke.
Artea eta Dekorazioa ikastearen erabakia ere "ezabapenez" hartu omen zenuen.
Hein batean bai, garai hartan argi nuen gauza bakarra zera baitzen: marraztea nahi nuela. Gainera, hautazko irakasgaietako bat Moda-diseinua zen, eta izugarri gustatzen zitzaidan. Tamalez, egitarautik kendu zuten handik gutxira! (kar, kar).
Derrigorrezko galdera ezin saihestu: zergatik ez zenuen Arte Ederretako Fakultatean matrikulatu?
Egia esan, inoiz ez ninduen bereziki erakarri... ideia guztiz absurdo batengatik, gainera.
Eta zein da hori?
Buruan errotuta nuen Arte Ederrak ikasiz gero, fakultatean klaseak ematen bukatuko nuela, eta erabat izutzen ninduen ideia horrek. Jendaurrean hitz egitea munduko gauzarik beldurgarriena iruditzen zitzaidan orduan. Orain fobia hori gainditu dut nolabait, noizbehinka tailerrak eta hitzaldiak eskaintzen ditudala.
Zortzi urte eman zenituen lanean publizitatearen arloan. Ilustrazioan baliagarri izan zaizun irakaspenik?
Asko ikasi nuen garai hartan. Adibidez, testuan datorrena irudiekin ez errepikatzea, baizik eta horren interpretazioa egitea, hau da, balio erantsia bilatu. Berebat, gutxirekin ahalik eta gehien adieraztea da nire ohiko jardunean jarraitzen dudan araua.