Irune Jimenez bilbotarraren obrak daude ikusgai Rekalde Aretoan
'interludioa' erakusketa aldundiak antolatzen duen 'barriek' programaren barruan kokatzen da
bilbo. Rekalde Aretoak Irune Jimenez Orbea artistaren (Bilbo, 1976) erakusketa aurkeztu zuen atzo Kabinete Abstraktuan. Interludioa izeneko erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiak sorkuntza artistikorako bekak eskuratu dituzten artisten lanak sustatzeko abiarazi zuen barriek 2013 programaren barruan kokatzen den hirugarrena da. Erakusketaren berri Gonzalo Olabarriak, Aldundiko Kultura zuzendariak, eta artistak berak eman zuten; bertan izan zen Asier Madarieta ere, BizkaKOA foru erakundearen zuzendaria.
Orain arte, June Crespo eta Fernando Villenaren obrak izan dira ikusgai programaren barruan. Ekainaren 2tik aurrera, Jimenezen erakusketa bukatu ostean, Manu Uranga eta Silvia Olabarria artista gazteen txanda izango da. Kultura zuzendariaren esanetan, barriek programaren bidez "Bizkaian lan egiten duten artista gazteek egindako sorkuntza plastikoa eta ikusizkoa sustatu eta lagundu nahi da"; horren bitartez, artista horien hasierako urratsak bultzatu eta baldintza ezin hobeak sortu nahi dira, aurrera egin dezaten laguntzeko asmoz.
Artista bilbotarraren erakusketan, argazkien sail bat eta proiekzio bat bildu dira Interludioa izenburupean. Musika-arloan, interludio hitzak musikako bi zati handiagoen artean, edo opera bateko bi ekitaldiren nahiz antzezlan baten artean, atsedenaldi gisa egiten den musika-konposizio laburrari deritzaio. Jimenezen lana, berak azaldu zuenez, lehenagoko proiektu batean du jatorria: "Fuga elkarlaneko egitasmoaren bidez, fokoak, artistak eta publikoak maila berean zeuden ikuskizuneko proiektua eratu genuen". Honako erakusketa abiapuntu bezala erabiliz, lehenago erabilitako elementuak ere barne hartu ditu oraingoan ere. "Fokoaren forma biribila hartu dut lotune bezala; horren bidez, argazkiak eta ikuskizunak bateratzen ditut, fokoak nor eta zergatik argitzen duen itauntzeko asmoz", azaldu zuen Jimenezek.
Halaber, bere obrarekin harremanetaz jarriz, Kabinete Abstraktuaren erakuslehioari etekina atera-tzeko aukera izan du artistak: "nork begiratzen duen eta nor den begiratua aztertzeko biribila erabili dut, fokoa bailitzan". Hurrengo lanetan musikarekin baino dantzarekin harremanetan dauden obrak sortuko dituela aurreratu zuen.