bilbo. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatuko du bihar, hilaren 21ean, Erdi Aroko emakumeen poesiari eskainitako kontzertu baten bitartez. Ekitaldia Bidebarrieta liburutegian izango da, 19.30etatik aurrera, eta sarrera doanekoa izango da.
Los Músicos de Urueña taldeak hartuko du parte. Valladolideko (Espainia) taldea da eta Erdi Aroko poesia abestuan dago espezializatuta. Garai hartako musika-tresnak erabiltzen dituzte, hala nola, zanfona, lautea (tradizio arabiarra), axabeba (zeharkako xirula mota) edo gayda (jatorri bulgariarra duen gaita), Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.
Errezitaldi-kontzertuak ondare hori jende guztiari hurbildu nahi dio, musikaren eskutik, eta, horrez gain, Beatriz de Día edo Hildegard Von Bingen bezalako musikagileen bizitzari buruzko xehetasunak azaldu, euren garaiko gizartearen ohiturak alde batera utzi eta historia bilakatu baitziren, euren lanen ahotsean.
unesco Taldeak duela 25 urte baino gehiago hasi zuen bere ibilbidea, Iberiar Penintsulako Erdi Aroko musikari eta musika hartan oinarrituz, garatutako errepertorioei buruzko sorkuntza lan zorrotza burutzeko asmoz. Horrela, garai bakoitzeko jatorrizko musika-tresnekin burututako zenbait ekitaldi aurkezten dituzte eta, kantuaren eta musika tresnen bitartez, Erdi Aroko gorte kristauetako ekitaldi erlijiosoak, trobadoreen errezitaldiak, jauregi musulmanetako musika gaubeilak eta gizarte sefardiko familia eta erlijio giroko ospakizunak izan zitezkeenak irudikatzen ahalegintzen dira.
Hamar urtetik hona, martxoaren 21ean, Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. UNESCOk bultzatutako ekimena da, herrialde guztietan burutzen diren poesia jarduerak ezagutzeko eta poesia funtsezko kultura mota gisa sustatzeko asmoz.