BILBO. Guggenheim Bilbao Museoaren "Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918-1936" erakusketa otsailaren 22an inauguratu zen eta maiatzaren 15ean itxiko da, eta beraz, datorren astea izango da erakusketa bisitatzeko azken aukera.

Erakusketa BBVA Fundazioak babestu du eta gerra arteko garai aztoratuan Europako artistek "ordena berreskuratu" zuten modua aztertzen du, 90 artisten 150 lan baino gehiagoren bidez. Horien artean daude XX. mende hasierako maisu nagusienen lanak, besteak beste, Georges Braque, Carlo Carrà, Giorgio de Chirico, Otto Dix, Pablo Gargallo, Fernand Léger, Aristide Maillol, Ludwig Mies van der Rohe, Pablo Picasso, Gio Ponti, Emile-Jacques Ruhlmann eta August Sander.

Museo bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez, ikusgai egon den hilabeteetan, erakusketak guztira 162.602 bisitari izan ditu joan den maiatzaren 1a arte, eta horien artean, %24 Euskal Herritik joan dira. Datu horrek agerian uzten du museoaren ingurune hurbilean erakusketak harrera ona izan duela.

Erakusketa behin betiko itxi eta gero, Guggenheim Bilbao Museoak Bilduma Iraunkorraren aurkezpen berria hasiko du ekainaren 14an: "Pintura abstraktua, 1949-1969: Guggenheim Bildumen Aukeraketak".