Azken urteetako euskal literaturan emakumeek sortutako lanen balioa nabarmendu nahi du Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu berri duen 'Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburuak. Obra honek belaunaldi bereko idazleen lana eta ibilbidea aztertzen du, emakumeek euskaraz sortutako literaturan izan duten ekarpena lehen planoan jarrita. Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez-Miñambres EHUko irakasleek editatu dute.

Ikerketa hiru hautaketa-irizpidetan oinarritu da: aukeratutako idazleak 1970 eta 1985 artean jaiotakoak dira eta, kasu askotan, euren lanek beste hizkuntzetara itzulpenak izan dituzte eta 2018 eta 2022 urteen artean Euskadi Literatura Saria eskuratu dute. Liburuaren protagonistak Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Maixa Zugasti, Uxue Apaolaza eta Leire Bilbao dira.  

“Liburuaren helburua azken urteotan euskaraz ekoitzi egin den eta gaur egun ekoizten ari den literaturan emakumezkoek kalitate handiko lanak idatzi dituztela azpimarratzea eta Euskal Herrian zein hemendik kanpo jaso duten aitortza horren oihartzuna zabaltzea da. Halaber, idazleen ibilbide literarioari dagokionez, liburu gehiago idazten jarraituko dute, beraz, haienganako arreta piztu behar da, gaur egungo gaiak jorratzen, islatzen dituztelako haien obretan eta gure zeitgeist-arekin (garaiko espirituarekin) lotura egiten dutelako. Beraz, irakurle guztiei interesatu ahal zaizkie lan horiek”, dio Paloma Rodriguez-Miñambresek, ‘Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985)’ liburuaren editoreak. 

Idazle hauek lotura argiak dituzte euren artean, nahiz eta bakoitzak bere estiloa eta ahotsa izan. Euren lanetan emakume izatearen esperientzia modu ezberdinetan lantzen dute: amatasuna, familia eta identitateak, bikote harremanak, genero berdintasuna, intimitatea… 

Rodríguez-Miñambres editoreak liburuaren asmoa zehazten du, euskal literaturaren eta euskal emakume idazleen balioari aipamena eginez: “Erronken artean, nabarmenduko genuke liburuan aipatzen eta aztertzen diren lanen eta idazleen gainean jakin-mina piztea eta irakurleak konturaraztea, bereziki, gurea bezalako hizkuntza minorizatu batean idazten diren literatur lanetan hiru emakumek (Eider Rodríguez, Irati Elorrieta eta Karmele Jaio) 2018 eta 2020 urteen artean Euskadi Saria irabaztea euskarazko literaturaren indargunetzat hartu daitekeelako. Horrez gain, 1970 eta 1985 urteen artean jaio diren euskal emakume idazle horiengan jartzen da fokua lehen aldiz, ez delako egon hori aztertu duen lanik, beraz, espero dugu bildu ditugun lanek bide berriak irekiko dituztela”, 

Laburbilduz, Rodríguez-Miñambresen aburuz, emakumezko idazleen ahotsek ikusgarritasun handia lortu dute, eta euren lanak izen handiko argitaletxeetan argitaratu dira, “kultura-hedabide garrantzitsuetan harrera nabarmenarekin”. Hori dela eta, ikerketak azaleratzen du euskarazko emakumezkoen literatura “periferiatik erdigunera” igaro dela; prozesua, ordea, “motela eta oraindik burutu gabea” da. 

Belaunaldi bateko idazleen ikuspegi pertsonala 

Halaber, liburuak elkarrizketa bana jasotzen du Eider Rodríguez eta Karmele Jaio idazleekin, sormen prozesuaz eta emakumeen identitatearen eraikuntzaz hausnartzeko aukera eskainiz. Elkarrizketa hauek, testu literarioetatik harago, belaunaldi bateko idazleen ikuspegi pertsonal eta kolektiboak biltzen dituzte.  

Liburua, EHUko Euskal Literatura sailak argitaratu du, 28. ale modura eta salgai dago unibertsitatearen argitalpenen katalogoan, bai paperean (ISBN: 978-84-1319-465-1), bai formatu digitalean (PDF, ePub eta Kindle).