bilbo. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Bertsozale Elkartearekin lankidetzan antolatutako Euskal Herriko XXII. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa giro ezin hobean amaitu zen, iragan larunbatean, Aguraingo Harresi aretoan. Txikien mailan Maialen Akizu urretxuarra izan zen txapeldun eta Aitor Bizkarra abadiñoarra txapeldunorde. Handien mailan Maiana Irigoyen baionarrak eskuratu zuen txapela eta Amaia Iturriotz urretxuarrak, iazko irabazleak, bigarren postua.

Naroa Sasieta gai-jartzaile aguraindarrak bertaratuei ongietorria eman ondoren, lehenbiziko zazpiek honako gaia emanda osatu behar izan zuten lehen agurra: "Gaur zu lehen aldiz entzutera etorri diren lagunei kanta iezaiezu bertso bat". Maialen Akizuk honela erantzun zion gaiari, bizkor-bizkor: "Jarri lasai ta ez zaizte egon horren larri, horren grabe, bertsolaritzak ez du zentzurik batere gozatu gabe".

Lau oinak emanda, azpimarra-tzekoak izan ziren animalia kontuak. Izan ere, bertso hau kantatu zuen Aitor Bizkarrak: "Herrian jarri dute alkate berria/ eta suntsitu digu osorik herria./ Nola nire etxea dugun baserria/ nahiago nuke alkate/ kortako txerria".

Nagusien saioak (15-18 urte bitartekoak) izan zuen une gogoangarriren bat edo beste, baina, oro har, bizitasun falta sumatu zen ariketa guztietan. Zortziko txikian saioak hobera egin zuen, nabarmen bizituz. Honela, saio txalotuena Maiana Irigoienek eta Ainhoa Comasek osatu zuten. Gai hauxe jarri zieten: "Ahizpak zarete. Ainhoak egunero Txapelketa Nagusiko DVDa ikusten du; Maiana nazkatuta dago". Maianaren lehen bertsoaren bukaerak honela zioen: "Baina entzun Ainhoa hau da aski zaila,/ ez duzu inoiz ukanen Maialenen maila".

Betiko sariez gain, partaide guztiek sari berezi bat jasoko dute laster: txikiek egun bateko ibilaldi bat egingo dute elkarrekin; gazteek, aldiz, astebeteko irteera bat izango dute sari.