Bilbo
HITZ eder horiekin hasi zen atzo Klasikoen III. Irakurraldi Etenik Gabea, Bilbo Zaharra euskaltegiak 2008tik antolatzen duen egitasmo esanguratsu eta ezohikoa. Ia hamabi orduz eta ia laurehun lagun batu ziren Bilboko Arriaga Antzokian, denak euskararen eta euskal literaturaren mesedetan. Ia diogu, horixe zelako antolatzaileen asmoa, baina atzoko eguraldi petralak planak aldatu zituen. Etenik gabeko irakurraldia etena izan zen arratsaldeko 7.30ak aldera, ura harro zetorrelako Nerbioi ibaitik behera eta zuhurtziak Arriaga Antzokia hustea gomendadu zuelako. Hala ere, egun osoan zehar, Jon Mirande idazle handiaren Haur besoetakoa goitik behera irakurri zuten gonbidatuek, diziplina miresgarria erakutsiz.
Pedro Alberdik zuzendutako taldeak gogor egin du lan azken hilabeteotan, lan erraldoia baita Irakurraldi osoa antolatzea, baina geroko emaitza harrigarria izaten da beti. "Batzuk Donostiatik etorri dira, bakanen bat berandu heldu da autopistan arazoak zirelako, baina ez da hutsik egon. Aizpea Goenaga, Euzkitze... Donostiatik etorri dira, eta Gasteiz aldetik Blanca Urgel eta beste batzuk ere bai. Eskertzekoa da guztiek egin duten ahalegina", zioen proiektuaren koordinatzaileak. "Gainera, urtetik urtera handituz doa proiektua. Lehenengoko urtean kanpoko eragile sozialak 20 izan ziren", gogoratzen du Alberdik, iaz 40 eta aurten 60. Aurten gauza berri bat izan dugu, gainera: egunkarietara zabaldu dugu parte hartzeko aukera. Babes honekin ez dago kuidadorik".
Bilbo Zaharrak hirugarrenez antolatu duen ekintza euskaltegiaren ikur bihurtu da, eta, horrez gain, euskararen alde daudenen bilgune. Udalaren eta Kutxaren babesa du proiektuak, beste laguntzaile askoren artean. "Gauza honi ikusten diodan baliorik handiena hori da: hizkuntza denez sartu liteke eta sartu beharko litzateke mundu guztia, ezkerreko puntatik eskuin partera arte. Denak behar ditugu. Halan da eta halan behar du izan. Hizkuntza ez da izan behar gai politiko bat, edo denok sartzen gara hor edo ez dago aurrera ateratzerik", azpimarra-tzen zuen Pedro Alberdik berak.
gormutuen txanda Egunak denetarako eman zuen eta atzoko anekdotarioa infinitora luza daiteke. Baina zer edo zer nabarmen-tzekotan, gormutuen eta Euskal Etxeetako kideen ahalegina nabarmendu beharko litzateke. "Gormutuek iluntzean parte hartu dute, Maitane Falaganen eskutik, eta Euskal Etxeetako jendea aurretiaz grabatutako bideoetan agertzen da; HABEren laguntzaz egindako kontua da azken hau. Guztien ahalegina eskertzen dugu, ez bakarrik etortzearren edo parte hartzearren, baizik eta Miranderen obra ez delako irakurtzeko obra xamurra; ba-tzuk, gainera, lehenengoz irakurriko zuten Miranderena. Eta ezagutzen ez zutenek liburu osoa irakurtzera behartu baditugu, hori gure helburuetatik gorago dago!", adierazten zuen pozarren Alberdik.
Amaitu orduko datorren urteko irakurraldian pentsatzen ari dira Bilbo Zaharra euskaltegian, "kontu hau egun handiaren biharamonean hasten baita". "Liburua aukeratzen dugu, eta liburu horren aldeko defentsa bat prestatu. Epe luzean egiten denez, dosifikatu egiten dugu lana, eta, azkenerako estutzen dan arren, gauzak ondo lotuta egoten dira". Beraz, planteamendua berrikusi, liburua aukeratu, eta errota abian jarriko dute, betiko helburuari eutsiz: euskara ikasleei omenalditxoa egin eta euskal kulturaren auzi eta kezkabiderik garrantzitsuenak plazaratu, bide batez klasikoak gogoratuz.
"Orain, gainera, errazagoa da", gogoratzen zuen atzo Pedro Alberdik. "Hasieran zailagoa zen, jakina, baina orain, jendeari berriro proposatzen diozunean, inork ez du ezetzik esaten, ez dago azaldu beharrik ere. Kontu hauetan bidea da garrantzitsuena, eta guk bide bat bete dugu".