bILBO

pAUL McCartney eta Juan Carlos Perez antzekoak dira. Konparazioetatik urrun, paralelismoagatik. ingelesez kantatzen du batak, euskaraz besteak; gitarrista Perez eta baxu jotzailea McCartney. Biak ala biak, baina, musikagile eta konpositore handiak. Herrian errotutako hitzak eta melodiak idatzi dituzte batak eta besteak. Perezek, hain zuzen, kanta ahaztezin bat ondu zuen: Lau teilatu.

"Zirkulu baten modukoa da Lau teilatu, hasi eta ez da sekula amai-tzen -dio Foisisek, Itoizeko baxujoleak-. Hasten denean, bukaerara heldu eta atzera ere jotzea eskatzen dizu, The Beatlesen Yesterday-rekin gertatzen den bezala". Zirkulu baten modukoa da, erabat biribila. Sorgin-katea bezalakoa: hasi, bukatu eta berriz ere ekin. Eta entzulea sorgintzen du. Zaila da esplikatzen zertan datzan kanta batzuen xarma bereziak, hilezkor bihurtzen dituenak: ahotsaren melodian? Hitzetan? Nota biren kadentzian?...

"Itoiz"

"... "Lau teilatu"-ren arpegioek zulatzen dute airea gero"

Itoizen lehen disko hartan laugarren kanta da Lau teilatu. Zati txiki bat La m"en du aurretik, diskoaren alde akustikoari hasiera ematen dioena eta Foisisek kantatzen duena. Laburra da abestia. Isiltasuna. Lau teilaturen arpegio bizi eta gordinek zulatzen dute airea gero. Alaia da melodia eta gozoa Juan Carlosen ahotsa: "Hemen gaude ta poztutzen naiz...".

"Gu baino handiagoa da Lau teilatu", esan zuen Juan Carlosek Itoizen historia kontatzen duen dokumentalean. Kantu handi askoren antzera, oso xumea izan zuen hasiera abesti honek. Juan Carlosek, Ondarroako portuan zuten lokalean, gitarra esku artean zuela, etxean ateratako arpegio batzuk jotzen hasi zen, -"Ona dek hori, txo!"-, bota zion Foisisek. Lau notekin konposatutako melodia sortu zen lehenengo eta, horren gainean, bihotza saltoka jartzen zion neskatxa baten inguruko hi-tzak idatzi zituen Perezek. "Akordatzen naiz, garai hartan, nik baino ez nuela gida baimena -gogoratzen du Foisisek- eta Juan Carlosek neska horrengana berarekin batera joateko eskatzen zidan, beste herri batera: "Neska jatorra da eta badauka lagun bat, bueno, izugarri gustatuko zaizuna, Foisis!". Horrela saiatzen zen ni komen-tzitzen", azaltzen du Foisisek, erdi barrezka, sententzia bota aurretik: "Azkenean ez nuen neska hura ezagutu".

Hamazortzi-hemeretzi urte zituela konposatu zuen Perezek inoiz idatzi duen abestirik ezagunena. Hala ere, ez zegoen bat ere seguru kantarekin: "Polita zen baina oso desberdina ordura arte konposatuta genuenarekin konparatuz gero", dio Perezek. Diskoa entzun eta abesti desberdina dela antzematen da. "Ez nuen diskoan sartu nahi", aitortu du Perezek. Imagina ezina litzateke Itoiz kanta hori gabe baina, ez zuen oso begiko, hasiera hartan, mutrikuarrak. "Foisisi gustatzen zitzaion eta berak egiten zuen abestiaren alde. Azkenean komentzitu nindun eta sartu egin zen".

Itoizen diskografiako abesti errealistenetakoa da Lau teilatu, baina, Perezen idazkerari fidel, ulertzen gaitza da olerkiak kontatzen duena. Letra irakurtzeko binilo edo CDaren liburuxka zabaldu eta, hara, letrarik ez! "Gaztaroko errebeldia izango zen, baina abestia grabazioan sartzea onartu banuen ere letrarik ez zen agertuko. Horrelakoak egiten dira gaztetan...". Harrigarria da zein erabaki hutsaletatik sor daitezkeen jendeak ahazten ez dituen bitxikeriak.

Lagun askok izan dituzte bizipen ahaztezinak kantuarekin lotuta -melenga izan barik, gauzak diren moduan: maitasunezkoak gehienak-. Musikari askok ere, abestia, taldea edota bizitakoak omendu guran, kanta jotzen eta euren estiloetara erakartzen eta moldatzen hasi ziren: EH Sukarra, Rumba Norte, Maral, Último día, Umpah Pah, Nahi ta nahiez...

Ikurra

"Ez dut kanta merezi zuen bezala tratatu"

Ezin zen Itoizen kontzertu bat bukatu Lau teilatu jo barik. Hala ere, Juan Carlosek kanta zuzenean jotzen zituenetako "oroitzapen txarrak" ditu: "Hondatu egiten nuen zuzenekoa, beti azkenerako utzita eta arpegioak egin barik... ez dut kanta merezi zuen bezala tratatu eta, uste dut, jendeak desilusioa hartzen zuela". Kritika gogorra egiten dio bere buruari, are gehiago, 1978-1988 antologia-ko ber-tsioan bikain entzuten denean zuzeneko grabazioa. "Bai... batzuetan oroitzapenak ez dira errealistak". Oso interpretazio irekia izan lezake kantak. Badaude hamaika legenda abestiaren esanguraren inguruan, porro bati idatzitakoa dela kontatzen duena kasu. Baina, istorioa "hiperrealista da". Non daude, orduan, lau teilatu horiek? Zein herritako jaietan gertatu zen hori? Nor zuen alboan, "goruntz begira"? "Ez dut inoiz kontatu eta ez dut inoiz kontatuko. Gauza batzuk hobeto daude horrela... bere lekuan". Bere horretan jarraituko du legendak. Hitz jakintzuak mother Maryrenak: Let it be, let it be... Antzekoak dira, bai, Juan Carlos Perez eta Paul McCartney.