Airea-ura interfazea urrunetik manipulatzeko sistema berri bat aztertu egin du Euskal Herriko Unibertsitateko Mucrofluidics Cluster-ak egin duen disziplina anitzeko ikerketa batek. Horretarako, kanpoko eremu magnetiko bat erabili dute.

Ikerketa Europako MAMI diziplina anitzeko proiektuaren baitan kokatzen da, non sei herrialdetako talde eta enpresek parte hartzen duten. Langmuir aldizkari ospetsuaren azala lortu du lanak.

Ura aldaratzen duten material naturaletan inspiratuta, hala nola loto-hostoetan, gainazal hidrofobiko interesgarriak aztertu eta garatzeak interes handia piztu du zenbait eremutan, hala nola fluido-bolumen txikiak manipulatzean. Propietate magnetikoak material hidrofobikoetan integratzeak erraztu egiten du materiala urrunetik manipulatzea eta, aldi berean, ura aldaratzea, balizko aplikazioetarako ikuspegi berriak emanez. UPV/EHUko Mikrofluidics Clusterrak egin duen lan honetan, “sistema berri bat garatu dugu airea-ura interfazea kanpoko eremu magnetikoa erabiliz manipulatzeko”, adierazi du Fernando Benito Lópezek, UPV/EHUko Mikrofluidics Clusterreko ikertzaile nagusiak.

Horretarako, “nanopartikula magnetiko hidrofobikoz osatutako geruza bat sortu dugu, ura-airea interfazean flotatzeko eta ura-solidoa-airea faseartea sortzeko gai dena. Geruza hori erraz tolesten da beherantz, kanpoko eremu magnetiko baten eraginpean. Horri esker, geruzak alderantzizko forma konikoa duen egitura bat sortzen du, tornado baten antzekoa, eta ‘Magneto Twister’ izena jarri diogu”, dio Fernando Benito Lópezek. “Tornado-formako egitura horrek material bigun eta elastiko gisa jokatzen du, eta desitxuratu edo desagertu egiten da aplikatutako eremu magnetikoarekin”, erantsi du UPV/EHUko irakasleak.

—Oinarrizko ikerketa bada ere, egitura horrek hiru aplikazio erreal nagusi dituela ikusi dugu: “lehenik, —dio Benito Lópezek—, ‘Magneto Twister’-a erabili dugu ur-tanta batzuk nahasi gabe ingurune urtsu batean manipulatzeko. Ur-tantak kono magnetikoaren gainean jar daitezke ur-ingurunean garraiatzeko eta nahi dugun lekura eramateko. Ur-tantak nahi dugun eremuan daudenean, eremu magnetikoa ken dezakegu, ur-bolumen oso horren zati kontrolatu batean erreakzioa gerta dadin”.

Halaber, “twisterra azalera irekiko kanal batean likidoak bereizteko erabili zen. Kanal horrek aukera ematen digu gordailu independenteak izateko kanal fluidiko baten barruan, eta kanpoko eremu magnetikoa ezabatzen denean soilik nahastuko diren erreaktiboak gordetzeko, erreakzio kimiko edo biologiko bat gerta dadin”, azaldu du Fernando Benitok. “Kanal eta hodi horietako fluidoen mugimendua mikroeskalan modu kontrolatuan kontrolatzeko irekitzen eta ixten den balbularen antzeko zerbait izango litzateke”, erantsi du UPV/EHUko ikertzaileak.

Azkenik, “twister magnetikoa uraren azalean zeuden mikroplastiko flotagarriak bildu eta kentzeko erabili zen, twisterra mikroplastikorantz mugituz, hura harrapatzeko”, dio Benito Lópezek.

UPV/EHUko Microfluidics Cluster-etik diotenez, “lan honek bide berriak irekitzen ditu ura-airea interfazeak lagundutako aplikazioetan nanopartikula magnetiko hidrofobikoak erabiltzeko”.