Tourra barrutik bizitzeko aukera izango dute kadete eta junior kategorietako txirrindulariek
Hastear dagoen Frantziako Tourraren edizioa berezia izango da txirrindularitzaren zale guztientzat, eta gutxi batzuk pribilegio handi bat bizi ahal izango dute, Tourraren protagonista bihurtuz. Hori da Euskadiko hainbat klubetako 24 kidek gozatu ahal izango dutena. Jardunaldi bakoitzean, 8 txirrindulari gaztek Grand Départ Pays Basqueko hiru etapetako lehen eta azken 30 kilometroak beteko dituzte: Bilbo – Bilbo, Gasteiz – Donostia eta Amorebieta-Etxano – Baiona.
Gazteen artean txirrindularitzarekiko grina elikatzeko asmoz, A.S.O.k, Tourreko antolatzaileak, prestakuntza kluben aldeko konpromisoari eusten dio, 20 urte baino gehiago baitaramatza ‘Cadets-Juniors’ ekitaldia antolatzen. Lasterketak Frantziako Tourreko bazkide ofiziala den Continentalen babesa du eta, beraz, parte hartzen duten txirrindulariek ekitaldiko janzkera ofiziala izango dute.
Etapa bakoitzean 8 txirrindularik hartuko dute parte, kadete (15-16 urte) eta junior (17-18 urte) kategorietako lizentziadunak, emakumezkoak eta gizonezkoak. Goizean, Tourreko talde bat irteerako hirian izango da taldeari ongietorria emateko eta egunean zehar laguntzeko. Txirrindulari profesionalek bezala, Tourreko esatari batek izena emateko podiumean aurkeztuko ditu, irteeran jarri aurretik. Publizitate-karabana zabaldu baino 20 minutu lehenago, aurreko talde hau etapako lehen 30 kilometroetan zehar ibiliko da eta lasterketaren bihotzaren parte izango da, txirrindularitzako benetako izarrak bezala txaloen artean. Ez da lasterketa lehiakorra, dibertimendua eta laguntasuna uztartzen dira.
Ibilbideko 30. kilometroan, Frantziako Tourreko ibilgailuetara igoko dira eta publizitate karabanatik jarraituko dute etapa, helmuga baino 30 bat kilometro lehenago berriro jaitsi eta pedalei eragingo diete helmuga zeharkatu arte, ikusleen txaloen artean. Ondoren, podium ofizialera igoko dira oroigarri gisa domina bat jasotzeko eta argazki bat ateratzeko. Ondoren, euren klubetako ordezkariekin bilduko dira, eta Henri Desgrange tribunan jasoko dituzte etapa amaiera ikusteko.