Mikel Montoro valentziarrak lidergoari eutsi dio Berangon
VICINAY CADENASEKO JON GIL BIZKAITARRAK PODIUMA GERTU IZAN DU, BAINA IHES EGIN DIO AZKEN SPRINTEAN
bilbao. Mikel Montoro Valentziako selekzioko kideak lortu zuen garaipena Txuma Nazioarteko Hiru Egunak memorialeko bigarren etapan eta aise eutsi zion sailkapen orokorreko lehenengo postuari. Haren atzetik, Francisco Galván kataluniarra eta Alejandro Regueiro galiziarrak osatu zuten eguneko podiuma, valen-tziarraren esku dagoen maillot horia eskuratzeko azken saiakeraren atarian. Euskaldunen artean, Vicinay Cadenaseko Jon Gil Ranero izan zen indartsuena eta podiumera igotzeko zorian egon bazen ere, azkenean laugarren postuan sartu zen. Sailkapen orokorrean, berriz, Campos Elmet taldeko Ibai Pastor Delgado da gure gazteen artean onena, 33. postuan.
Sprintean erabaki zen lehia estu batean, non 48 txirrindulari denbora beran helmugaratu ziren, Montoro agertu zen indartsuen berriro ere, ostiralean taldekako kronoan erdietsitako nagusitasuna berretsiz. Orduan erraz hartu zituzten mendean Galizia, Nafarroa, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, eta gainontzeko selekzio eta taldeak 10,5 kilometrotako erlojuaren aurkakoan. Atzoko egunean Berangok hartu zuen lasterketaren bigarren pasartea, eta inguruko kadete onenak bildu ziren bertan behin ere. Herritik atera eta bertan kokatuta zegoen helmugara bitartean 51 kilometrotako ibilbidea bete zuten 40 km orduko abiaduran ia 190 parte-hartzaile gazteek, herritar eta zaletuen aupada artean.
Elkar kirolak, hots, Leioa, Erandio eta Berangoko txirrindulari-tza klubak, eta bertako udalek elkarlanean bigarren urtez antolatu duten lasterketa da Txuma memoriala, Berangon jaio eta Leioan bizi izan zen apaiz baten omenez. Txuma Olagüere eskuzabaltasuna oroitua da oraindik inguruan, eta 60 nahiz 70eko hamarkadetan bizi izan zen parrokiaren aurrean bukatuko da froga. Haren izate bihozbera, urtean behin bada ere, oroitu nahi dute horrela antolatzaileek, kirola eta txirrindularitza direla medio.
gaur, azken etapa Txuma Nazioarteko Hiru Egunak Memoriala azken txanpan sartua dago jada, eta Leioak itxiko du lasterketaren azken kapitulua 53,4 kilometrotako etaparekin. Eguerdiko 12:00etan Boulevardetik abiatuko da pelotoia Erandiora, eta herri barrutik sei bueltako zirkuitua bete ostean Erandio Goikoara zuzenduko da, Txumaren elizan bukatzeko.