Mungiako Udalak HAPOren diseinuan aurrera egiteko herritarren partaidetzarako saio ireki bi antolatu ditu abendurako. Datorren abenduaren 2an eta 16an, saioak antolatu dira Olalde Aretoan, eta hainbat gai jorratuko dira bertan, besteak beste “gaur egungo hirigintza-egoeraren azterketa, beharrak eta diagnostiko partekatua”, azaldu dute Udaletik.

Gainera, saio ireki hauez gain, Udalak dei egiten die herritarrei Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren diseinuari buruzko alderdi desberdinak kontsultatu eta http://mungiaplanorokorra.eus/ plataformaren bidez parte har dezaten. Izan ere, Mungiako gobernu-taldeak HAPO berritzeko asmoa du, eta herritarren iritziak kontuan hartuta egin nahi du. Horretarako, eta HAPO berria diseinatzen jarraitzeko ideiarekin, kasu honetan, herritarrek parte hartzeko tailerren saio ireki bi antolatu ditu abenduan, eta bertan izango dira plan berria idazten dabiltzan taldeko eta Udaleko teknikariak.

Lehenengoan, hilaren 2an, 18.30ean, “hainbat gai jorratuko dira, hala nola datu sozioekonomikoak, azpiegiturak eta zerbitzuak, mugikortasuna espazio publikoetan eta paisaian. Dena, mungiarrekin diagnostiko partekatu bat egiteko eta, ostean, etorkizuneko estrategiak marrazteko”, aurreratu dute. Bigarrenean, hilaren 16an egingo dena (18.30ean), etxebizitzaren, jarduera ekonomikoaren, ekipamenduen eta hiri-garapenaren arloko hirigintza-beharrak identifikatzea eta aztertzea izango da helburu nagusia. “Bigarren topaketa horren ondorioak kontuan hartuko dira ondorengo etapak garatzeko oinarrizko eredua ezartzerakoan”.

Baietz ein! Etorkizuneko Mungia alkarregaz! lelopean uztailean aurkeztu zenetik, “Mungiako Udalak datozen urteetako hirigintza-garapenerako norabidea markatuko duen tresna diseinatzen jarraitzeko beharrezko urratsak egin ditu; tresna hau mungiar guztien artean eraikita”, adierazi dute. Ager Izagirre Mungiako alkateak adierazi duenez, gobernu-taldeak motibazio bereziarekin ekingo dio HAPO berria prestatzeari. “Datorren hamarkadako Mungia marrazteko lan ilusionagarriaren aurrean gaude, lehentasun bakarrarekin; gure udalerria bizitzeko gune erakargarria izatea, hobeto bizitzeko aukerak eskaintzen dituena”.

Bestalde, Alaitz Erkoreka alkateorde eta lurralde arloko zinego-tziak mungiarrak plan berriaren diseinuan jokatzen ari diren papera azpimarratu du: “Eretxi guztiak dira guretzat garrantzizkoak eta kontuan hartuko dira teknikariei etorkizuneko estrategiak ezartzen lagunduko deutsien diagnostiko partekatu bat egiteko”.

Partaidetza

Plataforma berria. Antolatutako saioez gain, herritarren parte-hartzea sustatzeko, Mungiako Udalak plataforma digital bat gaitu du (http://mungiaplanorokorra.eus/) herritarrek euren ekarpenak egiteko, “HAPO berriaren diseinuaren egoera uneoro ezagutu eta dokumentu interesgarriak bertan eskura izateko; hala nola Partaidetza Eskuliburua, Aurretiazko Txostena eta Partaidetza Programa, besteak beste”. Aipatu beharra dago, plataforma honen bidez, biztanleek mugikortasun jasangarriari, lurzoru industrialei eta etxebizitza-eskaintzari buruzko ekarpenak egin dituztela azken hilabeteotan.