2016tik ari dira beren abestiei forma ematen. Mungiako TOC taldeak bere lehenengo iraupen luzeko diska argitaratu berri du. Zidazun lana 12 abestiz osatutako diskoa da. Sormenari garrantzi handia eman diote diska honetan, talde gisa hasi zirenetik egiten ari diren bezala. TOC taldea Mikel Bilbao, Ander Goitia, Xabier Bilbao eta Aitor Etxebarriak osatzen dute, eta guztiak Mungialdekoak dira. Beraiek azaltzen dutenez, Zidazun "diska kontzeptual bat da eta 12 abestiak diskak kontatzen duen kontzeptu orokor batek elkar-lotu eta ordenatzen ditu". Konkretuki, esperientzia traumatiko batetik abiatuta sortzen den "bidai psikologiko bat islatzen saiatu gara". "Horregatik diska iluna, emozionala eta kontrastez beterikoa dela esango genuke".

Diskaren izaera kontzeptual hori abestien artean dagoen loturan nabari daiteke, "konkretuki, errepikatzen diren motibo musikaletan, abestien tonalitateetan eta abar". Soinuaren aldetik koherentzia nabarmen bat ikusten da eta "hor Urtzi Izak egindako lan bikaina azpimarratu nahi dugu. Eta borobiltzeko, diseñu artistikoa argi ikusten da bat datorrela lehen aipatutako kontzeptuarekin eta horren erantzule izan da Estibaliz Gutierrezek egin duen lana, Angela Rodriguez eta Candela Azpirozen laguntzarekin", azpimarratu dute.

2016an hasi ziren elkartzen musika jotzeko. "Hasieran beste taldeen bertsioak egiten saiatu ginen, baina oso txarto ateratzen zitzaizkigunez, gure abesti propioak egitea erabaki genuen hasieratik". Eta filosofia hori presente jarraitzen du taldean, "sormenari garrantzi handiagoa ematen diogulako teknikoki zuzenak izateari baino", diote.

Hau da taldeko kideentzako bere lehenengoko musika proiektua "eta esperientzia ezak dakarren freskotasun hori begi honez ikusten dugu. Guretzako originalagoak izateko abantaila bat da". Baina aipatzekoa da ere, "Ander eta Aitorrek beste musika proiektu bat sortu zutela aurrerago, Senda izenarekin. Gainera, Anderrek Las Ojeras de Van Gogh taldean bateri jole bezala parte hartzen du gaur egun".

Zidazun argitaratu arte, taldeak beharrezkotzat eta positibotzat jotzen duen ibilbidea egin du. "Talde bezala beti pentsatu dugu garrantzitsua dela gauza bakoitza bere momentuan egitea eta bidea progresiboa izatea. Horregatik lehenengo bi single atera genituen, gero bost abestiz osatutako EP bat eta azkenik, orain gure lehenengo iraupen luzeko diska atera berri dugu".

Bere musikaren inguruan, "logikoa ikusten dugu musika entzuleek zer entzun aukeratzeko genero etiketek (rock, rap, punk...) duten funtzioa filtro gisa. Baina gaur egun internet-ek eskeintzen duen musika barietate erraldoia kontuan hartuta, uste dugu gero eta zentzu gutxiago dutela. Gaur egungo musikak genero askotatik edaten du", baina "esango genuke TOC gitarretan oinarritzen den egungo talde gazte bat dela".

Taldearen izenari dagokionez, "TOC adierazle bezala interesgarria iruditzen zitzaigun hiru letra horiek batuta trasmititzen duen sendotasunagaitik. Baina izena aukeratzeko momentuan esanahiari ez genion garrantzirik eman". Zidazun "Lazkao Txikiren bertsoetako baten amaierako hitza da, hortik sortu zen hasierako ideia, gainera hitzak zuen diskaren izaera adierazteko kapazitatea interesgarria iruditzen zitzaigun".

Kultura izugarri sufritzen ari da egungo egoera, eta ez da desberdina izan haientzat. "Diska aurrera ateratzea erronka garrantzitsua izan da; logistikoki, elkartzeko orduan, ekonomikoki...". Gainera, kontzertuak eman nahiko lituzkete diskoa aurkezteko, baina oso zaila izaten ari da. Talde bezala, ibilbide progresiboa izan nahi dute eta euren abestiak publikoaren aurrean defendatu ahal izatea espero dute.