Dena antzinako gari barietate bat berreskuratzeko asmoarekin hasi zen; Martzela. Hainbat elkarteren artean lankidetza lan handia egin ondoren, helburu horrek Boga garagardo berri bati bide eman dio, berreskuratutako gariaren izen berekoa. Martxoaren 27an garagardo berria kaleratu zuten. Berau, Uribegar proiektuaren barruan kokatzen da, “Uribe eskualdeko zerealak berreskuratu eta bertako nekazaritza zein ekonomia bultzatzeko helburua duena”, azaldu dute Boga Garagardoak kooperatibatik.

Martzela, berreskuratutako gari barietatearen izena da, “bai eta proiektuarena zein gure garagardo berriarena ere”. Baina aurkezpena ez zen posible izango elkarlan hori gabe, talde-lanak fruitu handiak eman baititu. Lehenik, zereala berreskuratu zen, eta, ondoren, zereala uztatu ahal izan zuten. Beharrezko prozesuaren ondoren, Bogan garagardo berriari bizia eman zioten. Proiektu garrantzitsu honetan, “kudeaketa eta koordinazio lanak Bogatik egin ditugu, baina beharra hori, hazi horiek berreskuratzeko eta horretan lanean hasteko nekazariek eta okindegiak jarri zuten martxan”. Bogak horren berri izan zuen eta lanean jarri ziren proiektu hori koordinatzeko. Izan ere, proiektu handi bat garatu da, lankidetza eta lan-prozesu luze baten ondoren, pausoz pauso eman dena, ideia gisa hasi zen zerbait eraikiz, forma eman arte.

Horrela, hasierara begira, Neiker, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak bere germoplasmako bankuan gordetzen zituen Martzela eta Garai gari-barietate lokalen haziak laga zituen; Jatabeko nekazariak Jatabe Nekazal Elkartean elkartu dira eta hazia erein eta ugaldu dute; Berteiz-Mendiondo okindegian garia uztatu ondoren, maltatu egin dute; eta Bogan garagardoa egin dute.

Elkarlana oso modu naturalean eman da. Kontuan izan behar da proiektuan parte hartzen duten pertsona batzuk bizilagunak direla. Elkar ezagutzen zuten eta hortik hasi zen dena, gero proiektu profesionalizatuago batera jauzi eginez. Bertako ekoizleek eman zioten forma proiektuari, eta orain errealitate bat da. Proiektua 2017an hasi zen, Neiker-i esker, Martzela eta Garai gari-barietateen hazi gutxi batzuk erein zituztenean. “Urte bukaeran ereiten da, udan uzta garaiz garatzeko. Uztari dagokionez, landareak hezetasun guztia galdu arte itxaron beharra dago, eta moztu ondoren eskuz garandu dugu”.

Baina garagardoa ekoiztu ahal izateko, beste urrats garrantzitsu bat behar da. Horrela, Maltatzearen helburua zerealaren almidoia azukre bihurtzeko behar diren entzimak garatzea da. “Kasu honetan gari-aleak busti egiten dira eta hozitzen hasten denean lehortu eta txigortu egiten dira erabili arte. Prozesu hori beharrezkoa da garagardoa egiteko, hartziduran azukre horiek legamiaren eraginez eraldatu ahal izateko”.

Astebete pasatxo da garagardo berria aurkezteko ekitaldia egin zutela. Egoera berezi honi egokitutako ekitaldia izan zen eta edukiera mugatuarekin. Baina giroa oso ona izan zen eta Martzela garagardoaz gain, berreskuratu duten gari barietatetik abiatuta egindako beste produktu batzuez ere gozatu ahal izan zen.

Martzela garagardoa alemaniar estiloko garizko garagardo klasiko bat da. “Fruta usain nabarmenarekin, banana gogorarazten diguna. Zereal, malta eta gari zapore bizia dauka. Uherra, gorputz ertainekoa, apar zuri arrokatsua eta oso karbonatatua”, deskribatu dute Bogatik. Proiekturen protagonista guztiak hurbildu ziren Martzelaren xehetasunak azaltzeko.

Han bertan argi utzi zuten proiektu honen beste helburuetako bat izan dela “Uribeko eskualdean galdutako zereal-barietateak berreskuratzea: elikagaien segurtasuna hobetu eta tokian tokiko nortasun-sentimendua indartu”. Gainera, “ingurumen-erantzukizunaren ikuspegitik lan egiten dugu, produktuak egiteko hurbileko lehengai tradizionalak lortuz”. Lehen sektoretik eskualdea suspertzea dute helburu ere, “KM0 lehengai berreskuratuen eta haiekin egindako produktuen elaborazioa eta kontsumoa balioan jarriz”. Hori ere lortzea izan da, hain zuzen ere, proiektu hau gidatu duena.

“Proiektua hasi zenean, helburuetako bat zen gari horiek berreskuratzen zirela ez bakarrik erromantizismoagatik, baizik eta eragin bat izatea eskualdean ere”, diote Bogatik. Hau da, bai ekonomikoki eragitea, baita lurrei ematen zaien irtenbidean ere. “Bogatik ikusi genuen, beste pauso bat eman ahal genuela, eta ildo horri jarraituz, eskualdean eragin ekonomikoa ere izan zezan, garagardo bat egiten bagenuen gari horrekin, helburu horiek gehitzen baitziren.

Oraingoz, Martzela garagardoaren 2.000 litro egin dituzte. Eta momentuz, garagardoa asko gustatzen ari da. “Bai garagardoaren kalitateari dagokionez, bai salmentei dagokienez”. Jendeak esaten die oso ona dagoela eta kalitatezko garagardoa dela. Gainera, esan beharra dago gariaren barietatea nabaritzen dela, eta, beraz, Martzela gariak nortasun hori ematen dio garagardo berriari.

Pauso garrantzitsu hau eman ondoren, bertako gariarekin garagardo bat sortzea, bertako produktuen aldeko apustua egitea da helburuetako bat. “Gure asmoa beti lehen kalitatezko produktuekin lan egitea da, eta hurbileko osagaiekin egin badezakegu, beti da plus bat”.

Hasiera batean, garagardo horren litro gehiago egitea da asmoa, “baina nola doan ikusten joan behar dugu”. Hala ere, ideia da gari horrekin lanean jarraitzea. Gainera, aurkezpenean ogiak eta Martzela gariarekin egindako produktuak ere aurkeztu ziren; beraz, berreskuratu duten gari lokal horren oinarriko produktuak egin daitezke.

“Hasi ginenean, helburuetako bat zen gari horiek berreskuratzen zirela eragin bat izateko eskualdean”

“Gure asmoa beti lehen kalitatezko produktuekin lan egitea da, hurbilekoak badira, beti da plus bat”

Mungia