- Derioko Udalak finkatu du jada 2021 urteko kudeaketa garatzeko ibilbide-orria, izan ere, udal-korporazioak aurtengo aurrekontu proiektua onartu du, EAJ-PNVren aldeko botoekin eta PSE-EE eta EH Bildur alderdien abstentzio botoarekin. Bizkaiako gainontzeko udalerrien antzera, Derioko kasuan ere diru-sarrera murrizketa handiak suposatu ditu izurriteak, %13,93 batean jaitsita botere ekonomikoa -2020an 9.345.761 eurokoa zen eta, aurten, 8.009.234 eurokoa izango da-. Finantza proiektuak izango dituen lehentasunetaz berba egitean ere, koronabirusak protagonismo handia izango du, izan ere, Udalak covid-19 funtsa martxan jarriko du osasun-egoerak sortu ditzakeen beharrizanak asetu ahal izateko. "Berrikuntza bat sortu da aurtengoan. Hasieran, 100.000 euroko partida bideratuko dugu ekimen honen alde eta bizi dugun egoera pandemiko honen ondorioz sortzen diren gizarte-beharrei aurre egiteko balioko du, eta osasun finantziario onari esker, ez dugu eragozpenik izango, behar izanez gero, handitzeko", adierazi zuen Esther Apraizek, Derioko alkateak, covid-19aren aurreko prebentzio funts honen inguruan.

Finantza-proiektu berriaren lehentasunekin jarraiki, gizarte-zerbitzuek pisu nabarmena izango dute. 10.000 euro bideratuko dira gizarte larrialdietako laguntzetarako eta, era berean, 10.000 eurotan handituko da Elikagai Bankura egindako aportazioa, izan ere, honen inguruko eskariak modu nabarmenean handitu ziren 2020 urtean zehar. Beste alde batetik, herriko merkataritza eta ostalaritza bizitzen ari den krisialdia arintzeko lana mantentzea da Udalaren intentzioa ekimen desberdinak martxan jarrita, eta, gainera, kultur eta kirol-elkarteei zuzendutako diru-laguntzak mantenduko dira. Herritarren eta herriko lan-egoera hobetzeko ekintzak ere martxan jarriko dira, 60.000 euroko inbertsioa eginda Enplegu Plan berria martxan jartzeko, beste batzuen artean. Amaitzeko, Derioko Udalak Txorierriko Mankomunitatera eta Beharintzara egindako ekarpenak handituko ditu.

Bestalde, herriko gobernuak 100.000 euro bideratuko ditu derioztarrek 2020 urtean zehar egindako proposamenak martxan jartzeko. Guztira, 92 herritarrek parte hartu zuten prozesu partehartzaile honetan, guztira 100 aholku helarazita Udalari. Haietatik, Udalak zenbait aukeratu zituen eta, bigarren fase batean, biztanleriak bere proposamen gogokoenak bozkatu zituen. Orotara, lau izan ziren jendeak aukeratutako proiektuak; bizikleta sarearen garapena, herriko txakurguneak konpondu eta berriztea, Eskolara Lagunekaz proiektua martxan jartzea eta, amaitzeko, udaletxearen estetika hobekuntza. Horrenbestez, derioztarrek euren nahi ugari beteta ikusiko dituzte 2021 urtean zehar.

Esther Apraizen adierazpenak: "Kontu iraunkorrak, eraginkorrak eta, batez ere, errealistak dira, egungo beharrizanei erantzuten dietenak. Aurrekontu berria Derioko herritarrei bideratuta dago, batez ere pertsona ahulen beharrak asetzen saiatuz izurritearen ondorioak arintzeko. Behin eta berriz esaten dugu alderdien arteko komunikazioa dela bidea, gaur inoiz baino gehiago hitz egin behar dugu, adostu egin behar dugulako, azken batean aurrera egin behar dugu egoera hau gainditzeko".