Hain ezohikoa izaten ari den 2020 urte honetan, biztanleriak oso aldaketa nabarmenak bizi izan ditu bere egunerokotasunean, egutegian eta abar. Pertsonaia mitologikoek era aldaketa honen berri izan dute, izan ere, Olentzerok plan aldaketa bat izan du abenduaren 24rako. Aurten, estreinako aldiz, Euskal Herriko ikazkin maitatuena Loiuko auzo guztietatik igaroko da herriko umeen gabon gaua alaitzeko asmotan. Lehen Zabaloetxe auzotik bakarrik igarotzen zen eta, aurreko urtetan, Larrondon ere izan zen. Aurtengo osasun-egoera kontuan izanda, Loiuko Udalak egun osoan zehar garatuko den ibilaldia planteatu du, horrela jende pilaketak ekiditeko. Horregatik, jendeak euren etxeetatik ikusi ahalko dute Olentzero eta ibilbidetik kanpo bizi direnak euren etxebizitzatik gertuen dagoen puntura hurbildu ahalko dira. Goizeko 10.00etan hasiko da desfilea Artxandatik Bidekurtzera jaitsita eta, jarraian, Larrondora hurbilduko da. Ondoren, Sondikako muga, Zamarrita, Katea, Elorritxu, Ibarrondo, Lauroeta, Goitiko eta Arizmendu guneetatik igaroko da eguerdiko atsedenaldia egin aurretik. Behin indarrak berriztuta, ortu ludikoetan hasiko da arratsaldeko txanda, 16.00tan. Bertatik, Lastetxe-Abadetxera, Santa Luzia, Larrauri, Landatxueta, Garona, Larrakoetxe, Elorta, Iberre, Latxarri eta Kurtzea bidera hurbilduko da, Aiartza auzoan bukatzeko ibilbidea.

Horrenbestez, oso aukera ona izango dute loiuztarrek Olentzero euren etxeetatik oso hurbil ikusteko aurtengo gabon gau ezohikoaren aurretik. “Loiun Olentzerok horrelako ibilbide handia egiten duen lehen aldia da. Historikoki auzo bakar batetik pasatzen zen, Zabaloetxetik. Aurrerago, duela zortzi urtetik, ibilbidea Zabaloetxe eta Larrondotik egiten du. Aurtengoan, lehenik eta behin, Artxandako magalera jaitsiko da, Larrondora, ondoren gainontzeko auzoetatik igarotzeko Egoera berezia bizi duenez, Olentzerok ere ahalegin berezia egingo du. Ez da erraza izango, baina ahal dugun guztia egingo dugu loiuztar guztion artean Olentzerori eta Mari Domingiri gauzak errazteko”, azaldu zuen Josu Andoni Begoñak, Loiuko alkateak.