ARTXOAN covid-19 birusak eragindako pandemiak gizartearen egunerokotasuna modu bortitzean astindu zuenetik, kirol munduak egoera ezohikoa bizi izan du bere disciplina gehienetan. Profesionaletatik eskola arloko kiroletara, afizionatuetatik igarota, oso aldaketa nabarmenak suposatu ditu koronabirusaren hedapenak, guztiz urte arraro eta zaila bilakatuta 2020a askorentzat. Egoera zail eta arraro honen aurrean, badago 2020 hau alaitasun bereziaz jaso duten kirolari eta kirolzaleak, izan ere, Uribealdea Rugby Kirol Elkarteak bere hamargarren urtebetetzea ospatu du.

Nahiz eta Bizkaiako kirol taldeek herri bakar baten jende eta sentimendua pilatzen dituzten, estatuko Ohorezko Bigarren Mailan jokatzen duen talde honek eskualde oso bat barneratzen du, izan ere, Plentziako Kakarraldo Rugby Taldearen eta Mungiako Torpedo Gorrien arteko bat-egitetik jaio zen 2010ean. “Egia esan, Kakarraldo eta Torpedo Gorria betidanik izan dira aurkako taldeak, bi herrien arteko hurbiltasuna dela eta, baina egoera desberdinen ondorioz, bi elkarteak elkartzearen erabakia hartu zen. Garai bat egon zen non Mungiako zelaiak berrikuntza handi batzuk izan zituen eta bi urtetan zehar erabiltzea ezinezkoa izan zen. Ikusita jende eta baliabide eskasia nabarmena egon zen bi taldeen aldetik eta, kontuan izanda bien arteko hurbiltasuna, ikusi zen biontzako eta eskualderantzeko onuragarria izan zitekeela Uribealdea taldea sortzea eta geroztik elkarrekin lanean gabiltza. Torpedo Gorriak Plentziara lekualdatu ziren garai hartan eta, gaur egun, Mungia eta Plentziako zelaiak dira gure etxeak”, azaldu zuen Cesar Hernandez-ek, Uribealdeako lehendakariak.

Hamar urte beranduago, elkarteko kideek oso modu baikorrean baloratzen dute denboraldi luze honetan zehar egindako lana, izan ere, gaur egun hainbat dira elkarte hau osa-tzen duten taldeak. Gizonezkoen senior taldeei dagokienez, lehen taldea estatuko Ohorezko Bigarren Mailan dago eta, bigarrena, Euskal Ligan. Beste alde batetik, 16 eta 18 urte azpikoen taldeak daude eta, gutxinaka, emakumezkoen talde indartsu bat sortzearen aldeko apostua egiten ari da Uribealdea, etorkizunean eskualdeko neska errugbizale eta errugbilarientzako topagune lehiakor bat sortzeko asmotan. Harrobiari dagokionez, Mungia Rugby Taldea eta Kakarraldo elkarteak dire gaztetxoen formakuntzaren eskola lanak egiten dituztenak, 200 ume inguru izanda Mungian eta 80 aldera Plentzian. Hala ere, Cesarrek eskualdeko jendea rugby mundura hurbiltzera animatzen du “oso kirol dibertigarri, polit eta zintzoa delako”.

Etorkizunera begira, Uribealdea Rugby Kirol Elkarteko zuzendaritzak espero du eskualdeko Udalen, elkarteen, enpresen edo bestelako entitateen laguntza gehiago eskuratu ahal izatea hazkunde prozesu honetan aurrera pausuak ematen jarraitzeko eta Uribealdeko herri gehiagotan eskola txikiak sortu ahal izatea, esate baterako: “Zaila da normalean baliabide ekonomikoak lortzea eta, kontuan izanda covid-19ak izan duen eragina, are gehiago orain. Hala ere, beste modu askotan laguntzeko aukera dago, instalazio zein lurraldeak lagatuta, entrenamendu zelaiak egin ahal izateko eskualdeko herri gehiagotan… Gure helburua Uribealdea taldea gaiontzeko herrietara gehiago zabaltzen jarraitzea da”. Horrenbestez, eta alde batera utzita osasun-egoerak beste hainbat arlotara eraman duen beldurra, Uribealdea rugby taldeko kideak ahal duten neurrian ari dira txapelketaren itzulera prestatzen, izan ere, urriaren 24a eta 25a bitartean jokatuko dute denboraldiko estreinako jardunaldia. “Nahiz eta osasun-egoeraren inguruko ezjakintasuna dagoen, ilusio osoz prestatzen ari gara txapelketaren hasiera, ahal dugun neurrian eta segurtasun-neurriak beteta”.