LDI berean, oso egun berezi eta arraroa bizi zuen atzo Mungiako biztanleriak. Ohikoena, herriko familia eta koadrilak egun osoan zehar Uriguen parkean elkartuta ikustea litzateke, izan ere, San Pedro jaien azkenengo jardunaldian, uztaileko lehenengo domekan, Sukalki Egunak milaka pertsona elkartzen ditu herriko jardunaldi gastronomiko berezienetakoan. Tamalez, covid-19 birusak eragindako izurriteak Udala herriko jaiak bertan behera uztearen erabakia hartzera behartu zuen apirilaren 30ean ospatutako Osoko Bilkuran.

Kontuan izanik, urtero urtero Mungiako jaiek elkartzen dituzten jende kopurua, oso handia litzateke kutsaketa arriskua eta, horrenbestez, Ager Izagirre alkateak burututako korporazioak, Jai Batzordearekin elkarlanean, hauek ez ospatzea erabaki zuen, herritarren ongizate eta osasunari lehentasun guztia emanda. Hala ere, eta nahiz eta betiko ekintza programazio zabala aurrera eramatea ezinezkoa den, zenbait jarduera planteatu ditu Udalak Mungiako kaleek giro berezi bat izateko azken astean, San Pedro Usainean deituriko ekimen baten bidez. Hasteko, ekainaren 26tik, Mungia Kolorez Jantzita lehiaketa abian jarri zen. Honen arabera, herritarrek euren etxebizitzatako balkoi eta lehioak jaietako zapi eta bestelako apaingarriekin loratu behar zituzten eta, ondoren, argazkiak webmungia@mungia.eus helbide elektronikora bidali zituzten herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetan gastatzeko 100 euroko bost bonoren zozketan parte hartzeko, honela ere, herriko ekonomiari bultzada txiki bat emanda honentzako hain gogorra izaten ari den garai honetan. Etxebizitzen apainketaz gainera, zenbait kalejira musikatu egon dira egun hauetan Gure Ametsa Txistulari Taldearen eskutik eta pandemian hildakoen omenezko aurreskua Amilotx Dantza Taldeak aurkeztuta.

Aste deskafeinatu hau kontuan izanda, herritarrak grin handiaz egon dira Sukalki Egunarekin zer gertatuko ote zen jakitearen zain eta, kontuan izanik deskonfinamenduaren faseen aurrerapenek jendeak txoko edo etxeetan familia edo koadrila bilerak egitea ahalbidetzen duela, Udalak txapelketa hau formatu berri batean antolatzea erabaki zuen. Mungia Kolorez Jantzita lehiaketan bezala, jendeak beren ospakizun partikularren argazkiak helerazo zizkion Udalari. Berez, asteazkenera arte bidaltzeko aukera izango dute eta, modu honetan, lapiko baten, parrilla baten eta herriko taberna, jatetxe, denda eta bestelako zerbitzuetan erabiltzeko 100 euroko bost bonuren zozketan sartuko lirateke. Gainera, jendea are gehiago parte hartzera animatzeko asmotan, Udalak Marijatak, San Pedro jaietako pertsonaia mitologiko protagonistak, aurkeztutako bideo bat eskegi zuen bere sare-sozial eta web-gunean. Bertan, herriko zenbait sukaldarirekin batera, sukalki bikaina nola egitearen inguruko errezeta azaltzen zen, gako eta tikimailu desberdinak azalduta aurreko urteetako irabazleen eskutik.

Oskar Aginaga mungiarrak eta bere koadrila Sukalki txapelketako fijo batzuk dira. "Gaur egun, 53 urte ditugu eta 17 genituenetik parte hartzen dugu egun berezi honetan. Urteko egun berezienetakoa da Sukalki Eguna inongo zalantza gabe eta, kontuan izanda, zenbat ediziotan parte hartu dugun, esan daiteke ekintza honetako fijo batzuk garela", aitortu zuen Oskarrek. Tamalez, aurten ezin izan du lagun talde honek Uriguen parkean euren egun gogokoena gozatu eta, honen beharrean, landa partikular batean elkartu behar izan dira, txapelketaren formatu berri honetara moldatu ahal izateko: "Kontuan izanda azken hilabeteetako osasun-egoera, oso ulergarria da honelako ekintza jende-tsuak bertan behera uztea suposatzen duten kutsaketa arriskua dela eta. Hala ere, Sukalki Eguna ospa-tzeko modu tristea da, izan ere, egun berezi honetako esentzia koadrila harteko saltsa da. Behin zure lapikoa prestatuta ezagunenak kuxkuxeatzera hurbiltzera, pote bat hartzera eta adarra jotzera hurbiltzea".

Ziurra dena, atzo Mungiak txoko desberdinetan sukaki usain bikaina egon zena da, koronabirusaren mugen gainetik eta denen osasuna babestuta. Aurtengo ospakizun ezohiko honen ostean, mungiarrak askoz gogo gehiegorekin hartuko dute datorren urteko Sukalki Eguna, osasun-egoerak bere normaltasun osoa eskuratu ezkero, izan ere, horrela izan ezean, ezinezkoa da jaia Uriguen parkera itzultzea.

Jasotako argazkien artean, parrilla bat, lapiko bat eta herriko establezimenduetan gastatzeko 100 euroko bost bono zozketatuko dira

Nahiz eta Sukalki Eguna atzo izan zen, mungiarrek eguaztenera arte bidali ahal izango dituzte egun berezi honetako argazkiak