- Urtero urtero, Mungiako biztanleria irrikitan egon ohi da ekainaren amaiera honetan, izan ere, hilabeteko azkenengo asteburuaren helduerak herriko San Pedro jaien ospakizuna suposatzen du. Tamalez, aurtengoan oso desberdinak izango dira egun berezi hauek osasun-egoeragatik. Koronabirusak eragindako pandemia dela eta, Udalak 2020ko edizioa bertan behera uztea erabaki zuen, komenigarria delako jende pilaketak suposatzen dituzten ekimenak ez ospatzea eta, urtero, milaka pertsona elkartzen dira aste berezi honetako jarduera desberdinetan. Hala ere, Udaleko eta bertoko zenbait elkartetako ordezkariek osatutako Mungiako Jai Batzordeak zenbait ekintza antolatuko ditu herriko kaleetan giro berezia somatu ahal izateko, beti ere osasun-agintaritzatik jasotako argibideak zehatz mehatz beteta eta biztanleriaren segurtasuna bermatuta, San Pedro Usainean deituriko programa baten bidez.

Hasteko, gaur hasita eta uztailaren 5a arte, herriko etxebizitzatako lehio eta balkoiak jaietako ikur eta zapiekin apainduak ikusiko dira Mungia kolorez jantzita! lehiaketa dela eta. Honetan parte hartzen dutenen artean 100 euroko balioa daukaten hamar bono zozketatuko dira herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetan gastatzeko, herriko ekonomiari 1.000 euroko bultzada emanda. Beharrezkoa izango da aurretiaz izen ematea eta uztailaren 8an ospatuko da zozketa. Programazioarekin jarraiki, astelehenean, hilak 29, Marijata pertsionai xelebrearen agur digitala ospatuko da. Bertan, Amilotx Dantza Taldeko eta Gure Ametsa Txistulari Taldeko kideek ohorezko aurresku digitala eskeiniko dute osasun-krisialdian zehar bizitza galdu dutenen omenaldi bezala. Bestalde, soinulari elkarteak kalejira bat egingo du 11:00tan eta, ondoren, 13:00ean, Roberto eta Idoiak berbera egingo dute euren trikitrixekin.

Mungiako San Pedroetako ekin-tza esanguratsuenetakoa Sukalki Eguna da eta aurten, nahiz eta Uriguen parkean ezingo den ospatu, herriko etxeetan antolatuko da online formatuan estreinakoz. "Egun horretan etxean egindako sukalki-jatorduen argazkiak bidaltzen gonbidatzen zaituegu; horretara beste zozketa batean hartuko dozue parte modu birtualean, hau da, une horretan bizi dozuezan momentuen argazkiak bidalita", azaldu zuten Jai Batzordetik. Jasotako irudien artean sari-zozketa bat antolatuko da, beraz, motibazio bikoitza izango dute mungiarrek bertan parte hartzeko. Ildo bera jarraituta, Jai Ba-tzordeak ardura eta zuhurtziaz jokatzea eskatu die herritarrei datozen egunetarako.